DOMINGUEZ MORENO
Gizateriaren historian gertatu diren paradigma aldaketa guztiak, aldaketa sozial, kultural eta zientifiko handien aurretik etorri dira; baina horien aurretik, era berean, iraultza gertatu da. Paradigma bat faltsatzea, eredu bat erortzea beste bat haren ordainetan ipintzeko, hain juxtu, konpondu gabeko arazoen kopuruak eta garrantziak krisi bat leherraraztea ekartzen duenean gertatzen da, eta ordena sozial baten oinarriak irmotzen ditu. Horrek mundua beste nolabait ikustea ekartzen du; aurrerapausorantz urratsak ematea, hain juxtu. Beste iraultza bat gertatu behar baldin bada, eta globalizazioak abian ipini duela uste dut, baztertuek egingo dute, sistematik at geratu direnek, eta kontsumoaren nahiz ongizatearen sistemara sarbiderik ez dutenek; Nicolas Sarkozyk eta mundializazioko beste hainbatek sistemako eskoria, zaborra gisa hartzen dutenek, hiriburuko periferian ozta-ozta bizirik dirauen sistemarenek, hain zuzen ere. Frantzian protestaren garra zabaltzen duen liskarra ez da zeinu bat baino, iraultza gerturatzen ari dela dioen seinale bat baino ez. Gaur edukiontziak eta autoak erretzen ari direnak Parisko kanpoaldeetan Ceutan eta Melillan odolustuta hiltzen diren berberak dira; Karibean hiltzen diren baltseroak; Sonorako basamortuko hondarretan goseak akabatzen direnak Río Grandeko urek eraman ezean; Afrika beltzean goseak eta gaixorik akabatzen direnak; Ekialdeko desintegratutako herrialdeetatik ihesi joaten direnak. Azken batean, galdutako paradisua besteen oparotasunean bilatu nahi dutenak, beren pobrezia dela-eta itsututa, edonongo apatridak, zainik gabe, nortasun arrastorik gabe, eta etorkizunik gabe.
Eta nahasteri horretan bertantxe, desesperazioak eta injustiziak abonatuta, sortzen eta loratzen da iraultza. Ez dute zer galdurik, eta ez zaie beren bizia ere axola. Denbora askoan, botere faktikoek beste alde batera begiratu dute, euren buruak asetzen entretenituta, euren itxurarekin eta euren kontu korronteen errentagarritasunarekin kezkatuta. Ez dute erantzunik. Tolerantziarik batere ez. Lehendabizi ordena ezarri, eta, ondoren, negoziatu. Ia ez dago inortxo ere sinetsiko duenik. Hainbatetan bizi izan dugu engainu bera, demagogia bera, promesa berak; eta, orain, inortxok ere ez du ezer espero. Noski, indarkeria hori guztia erabat doakoa da, ez garamatza inora, baina, gutxienez, berrikuntza da, aldaketa. Gobernuak ohituta daude bizkar ematera herriari norbaitek errepidea mozten duenean, garraio publikoak geldiarazten dituenean edota hornidura-kamioiak itzultzen dituenean modu berbereko erantzunak emanez: eskukadatxo bat milioi zoritxarrekoen ahoak estaltzeko. Hemendik gutxira, Parisko suteetatik kea bera ere ez da geratuko, baina abian ipini den mugimendua ez da geratuko, ezin da geratu gaurko egoerak jarraitzen duen bitartean. Frantzian, iraultzaren eta giza eskubideen habia den herrialdean, piztu den garretik heltzeko moduko itxaropena piztu da. Itzal ditzagun suteak, baina ez diezaiogun utz garra honi itzaltzen.