Gaur egungo gizarteetan pikutara joan da mundu homogeneo eta uniformearen inguruko fantasia. Etengabe elkarreragiten duten ohitura, tradizio, hizkuntza, erlijio eta balio anitzek osatutako mosaikoan bizi gara. Kulturen arteko desberdintasunek bizitza pertsonala zein taldekoa aberasten dute. Baina hori horrela izanik ere, gatazka-iturri edota mehatxu gisa ikusi izan ditugu maiz eta ikuskera horrek arriskua eragin du: axolagabetasun morala edo, are gehiago, desberdina denaren bazterketa edo segregazioa eragiten duten jarrerak sozialki sustatzeko arriskua. Balioetan eta kulturartekotasunean hezteko ahalegin asko eta asko besteen kulturaren inguruan egituratu dira. Baina kulturartekotasunean eta giza-eskubideetan hezteak zera esan nahi du: soziokulturalki desberdinak direnak onartu eta haiei harrera egitea, haiek humanizatzea eta haien eskubideak aldarrikatzea berdintasunaren ikuspegitik. Bakearen eta Giza Eskubideen aldeko Hezkuntzako Euskal Planak (2008-2011) iradokitzen duen moduan, beharrezkoa da giza- eskubideen eremuan kultura unibertsal bat sortzera bideratuko diren formakuntza-, hedapen- eta informazio-ekimenak sustatzea. Guztiak ere, ezagutza eta balioak transmitituko dituzten jarduerak; giza- eskubide eta oinarrizko askatasunekiko errespetua indartuko dutenak; giza-nortasuna eta duintasunaren zentzua garatuko dutenak; pertsona guztiak ulertuak, onartuak eta berdinak izan daitezen sustatuko dutenak. Horretarako, SOS Arrazakeriak EAEko irakasleriari eskaini nahi dizkio langintza horretarako dituen baliabideetariko batzuk: gure ibilbidean zehar sortu ditugun erakusketak, EAEko ikastetxeetan jar daitezen eta ikastetxe horietako ikasleek ikus ditzaten. Aurkezpen hau aztertzea proposatu nahi dizuegu eta aurkezpenarekin batera bidali dizuegun fitxa bete eta posta elektronikoz guri helaraztea, zein erakusketa interesatzen zaizuen eta noiz egin nahiko zenuketen adieraziz. Jasotako eskaerekin guztiei erantzuteko moduko egutegia osatuko dugu.