MUGAK: Centro de Estudios y Documentación sobre racismo y xenofobia de SOS Racismo/SOS Arrazakeria Mapa
 
 

Nanclaresko emakume presoen egoera (es_ES)

2003an, Bizkaiko Abokatuen Elkargoko Emakumeen batzordeak Nanclaresko espetxean preso ziren emakumeen inguruko azterketa egin zuen, Arabako Gizarte lan Unibertsitate Eskolarekin lankidetzan eta Eusko Jaurlaritzaren finantzaketarekin. Datuak Arartekoak 1996an kaleratutako txostenarekin bat datoz. Diagnostiko haiek egin zirenetik gaurdaino, zoritxarrez, gauzak aldatu ez eta okerrera egin dute. Txostenaren ondorioetako askok Martuteneko presoen egoera deskribatzeko ere balio dute.
Emakumeak EAEko presoen %6,3 dira. 3tik bat atzerritarrak edota jatorriz kultura minoritariokoak dira. Bestalde, EAEko preso gehienek EAEtik kanpoko presondegietan betetzen dituzte kondenak. Emakume gazteen, haur txikiak dituztenen edota lehen graduko edo terrorismo delituengatik espetxeratutakoen kasua da hori. Ama banandu edo ezkongabeen portzentajea %28koa da. Hiru urte baino gutxiagoko haurrak dituztenak beste presondegietara eramaten dituzte, Madrilera batik bat, Nanclaresko emakumeen departamentuan, EAEko beste guztietan bezala, ez dagoelako amentzako unitaterik.
Lau presotik batek ez dauka ikasketarik eta %15 analfabetoak dira. Erdiak bakarrik dauka oinarrizko ikasketa. Gehienak familian egoera prekarioan bizi dira, eta horien %28,6k ez dute dirurik jasotzen eta %45,2k, berriz, 72 euro baino gutxiago hilean. Delitu mota ohikoena droga trafikoa (%70) edo legez kanpoko drogen kontsumoari lotutakoa da. Sarritan, gizonezkoek antolatutako eta kontrolatutako dinamika eta kateetan azken kate-begia dira. Berrerortze indizea, bestalde, gizonezkoena baino txikiagoa da: %52,3 behin bakarrik izan dira espetxean.
Presoen erdiak adierazi du zigorra beste kartzela batean betetzea gustatuko litzaiekeela, familiarengandik edo haurrengandik gertuago egoteko, familiarentzat horren zama handia ez izateko edota baldintza hobeak dauzkan batera joateko. Komunikazioei dagokienez, Nanclaresko emakumeek hamar telefono zenbakitara baino ezin dezakete deitu, kontu profesionalei dagokienak barne. Gastuak eurek ordaindu behar dituzte. Gainera, hirutik bik uste dute kartzelan ezin dutela harreman sexual normalik izan, denbora faltagatik edota baldintza negargarriak direla eta.
Osasun arazoak. Presoen %80k tratamendu edo jarraipen berezia eskatzen duten arazo fisikoak dauzkate: trastorno psikikoak, droga mendekotasuna, hepatitisa, HIESa, tuberkulosia edota haurdunaldiarekin lotutakoak. Biztanlego gaixo hori ez da behar bezala artatzen eta kutsatze eta infekzio probabilitateak gehiago dira bizi-baldintza normaletan baino, osasun-egoera kaskarrak tarteko. Horrek desoreka psikikoak, depresioa edota antsietatea sortzen die. Lautik bat bere buruaz beste egiten saiatu da. Apenas dute argirik, ura hotz dago, hotz handia egiten du eta lasai egoteko tokirik ez dute, horretarako balio ahal izango luketen espazioak badaude ere, funtzionarioen etxebizitza hutsak, esaterako. Ziegak indibidualak izan beharko lukete legearen arabera baina bi pertsonek partekatzen dituzte eta mugitzeko tokirik ez dute. 3x4 metrokoak dira, bertan komuna dagoelarik. Estutasuna eta intimitate falta jasanezinak dira, beraz. Zikinkeria handia dago. Presoak beraiek dira garbiketaz arduratzen diren bakarrak. Intsektuak, parasito eta arratoiak ez dira ezohikoak. Janaria, berriz, ustelduta dago batzuetan eta koipe eta gatz ugarikoa da gehienetan. Behar bezala ez da prestatzen, presoen esanetan.
Espetxetik ateratzerakoan espero diena ez da askoz hobea. Erdiak, gutxi gorabehera, langabezian geldituko dela dio. Gainerakoa, salbuespenak salbuespen, aldi baterako lanak, legez kanpoko edo lan marginalak egitera behartuta egongo dira. Preso gehienek prestakuntza, babes ekonomikoa eta osasun tratamendua behar dute. Baita babes psikosoziala eta juridikoa ere, bizitzaz aldatzeko, bikote edo familia arazoak konpontzeko eta ondo bizitzeko baldintza objektiboak eta subjektiboak sortzeko. Guzti hori dela eta, egindako delituarekiko surfimendu neurrigabeak eragiten ditu kartzelak, eta ondorio negatiboak sortu. Neurriak hartu behar dira bazterketakriminalizazioa- bazterketa espirala hausteko. Lehenik eta behin, Nanclaresko emakumezkoen departamentua ixtea eskatzen dugu. Espainiako Barne Ministerioak orain gutxi iragarritako planek ez dute balio arazoa konpontzen laguntzeko. Nanclaresen egitekoa den zentro balioanitzen eraikuntza planaz ari naiz. 500 ziega eraiki nahi dituzte 1.000 preso hartzeko, 2010. urtea baino lehen. Emakumeek, ordea, berezko zentroetan bete beharko lukete zigorra eta ez gizonezkoen eranskin batean, orain bezala. Bestalde, integrazioari eta zaintzari begira hainbat lerro proposatu ditugu, oraingo printzipioak ez datozelako bat detenitutako pertsonen inguruan Europako Batasunak ezarri eta bertako herrialdeetako Justizia ministro guztiek sinatu dutenarekin.

Destacamos

Menores en riesgo: Prácticas excepcionales de las Administraciones

Informe elaborado desde SOS Racismo de Gipuzkoa

REVISTA DE PRENSA DIARIA

Si quieres recibir nuestra Revista de Prensa todos los días de forma gratuita...

Suscripciones REVISTA MUGAK

(trimestral)

Las mujeres inmigrantes están sometidas a una doble violencia, la ejercida por el maltratador y la discriminación a la que se ve abocada en la legislación, que prima su condición de inmigrante sobre la de víctima

Desarrollado por eFaber