Prostitutak laguntzeko
amoz Hetaira elkartean
hamabi urte daramatza
lanean Cristina
Garaizabalek. Feminista peto-petoa,
sexu industrian borondatez
lan egiten duten emakumeen ogibidea
araupetzearen alde agertu
da.(Olaia Razkin
aldaketa@aldaketa16.info)
Hetaira, Prostituten eskubideen
alde borrokatzen duen elkartea
da. Hamabi urteren buruan zerbait
lortu al da?
Gaur egun prostituzioa ez da delitua,
baina ez da ere jarduera errekonozitua
eta legalki legitimoa.
Ondorioz, tokian tokiko botereen
erabakien menpe dago gaurkoz.
Iaz, diputatuen kongresuak prostituzioren
egoera aztertzeko lehenbizikoz
komisio bat eratu zuen.
Lehengo astean plazaratu zituzten
ondorioak eta guztiek onetsita,
gauzak, prostituzioari dagokionez
dauden bezala uztea erabaki dute.
Hots, ez dira prostituzioan borondatez
lan egiten duten emakumeen
eskubideak errekonozituko.
Beraz, ikusezinak izaten jarraituko
dute eta presioa, mafia, enpresari
eta beste zenbait arriskuen eskuetan
utziko dituzte beste behin
ere. Komisioak emakumezkoen
salerosketa saihesteko neurriak
hartzea baino ez dio eskatu gobernuari.
Gutxiegi gure ustez. Ondorio
hauek erabat deitoragarriak dira,
milaka emakume babesik gabe
utziko dituen heinean.
Bestalde, administrazio lokalen
ikuspegitik, Katalunia kasu, egin
zen kontraesan asko izan zituen
prostituzioa nolabait erregulatzeko
saiakera bat. Baina porrot egin
zuen hirukoaren hausketa dela
medio. Duela egun gutxi, gainera,
aditzera eman zuten prostituzioaren
afera ez dela interes publikoko
gauza bat eta baztertu egin dute
gaia legealdi honetan behinik
behin. Beste toki batzuetan berriz,
kaleko prostituzioa debekatzen
da, baina klubetakoa onartzen da.
Prostituzioa araupetzearen aldekoak
zarete, baina zer diote sexuaren
profesionalek?
Prostitutek batik bat bere jarduna
lana dela aitortzea nahi dute eta
horren ildotik, beste edozein langilek
bezala lan eta giza eskubideak
izatea; argi uztea prostituzioan
autonomo gisa jardun daitezkeela;
kaletarrak, bere aldetik,
lasai eta toki seguruetan lan egitea;
klubetakoak berriz, lan harreman bat dagoela onartzea eta bere
lana askatasun osoz egin ahal izatea,
enpresari ziztrinen inposaketarik
gabe. Orain, izan ere, ez dute
abusuen aurrean defendatzeko
tresnarik; oporrak izatea… hots,
beste langileak bezala aritzea.
Baina ez dira beste langileak bezalakoak!
Argi dago prostituzioaren ogibidea
ezin dela beste lanekin alderatu.
Baina konparazioak ez dute
balio kasu honetan, ezta bestelako
kasuetan ere, izan ere, lan bakoitzak
bere berezitasunak ditu. Lan
honetan sexua eskaintzen da. Baina
horrek ez du esan nahi askatasuna
ez duenik, ala duina ez denik.
Gauza da gure gizartean sexualitatea
oso goretsia dagoela eta
halaber, prostituta izateak estigma
bat eramatea barneratzen duela,
baina uste dugu honen guztiaren
normalizazioranzko bidea legeztatzetik
pasatzen dela.
Dena den, borondate propioz lan
egiten duten prostitutak gutxienekoak
dira. Datuen arabera,
%95ek bere kontra egiten du lan
sexuaren munduan.
Zifren gerra bat dago honen inguruan
eta ziurtatu dezaket datu horiek
ez direla fidagarriak. %95
hori aipatzen denean, ez da inoiz
esaten nondik eratorria edota zein
iturritik lortutakoa den. Izan ere,
ez dago horri buruzko azterketa
serio bat. Eta ez dugu guk bakarrik
esaten, dagoeneko, hainbat
komunikabideek eta instituzioek
datu horien zalantzagarritasuna
baieztatu dute. Are gehiago, gure
zifrek bestelako errealitatea erakusten
digute. Ezin ditugu orokortu
baina, Madrilen ikusi dugunaren
arabera bederen, prostituten
%85 bere borondatez dago lanbide
horretan. Hots, nahiz eta lan
egiteko beste aukera batzuk izan,
prostituzioan lan egitea libreki
erabakitzen dute, diru gehiago eta
askatasun gehiago ematen dielako.
Beste %5 mafien menpe dago
eta beste %10ek bestelako presioak
pairatzen ditu.
(...)
Datuak datu, beste arrazoi bat dago
prostituten lanbidea erregulatzeko:
gizarte demokratikoen kalitatea
gutxienekoen eskubideak
onartzeko gaitasun mailagatik ere
neurtzen da. Hau da, gehiengoengatik
soilik mugituko bagina inoiz
ez lirateke, esaterako, homosexualen
arteko ezkontzak legeztatuko
edota transexualen sexu aldaketaren
legea onartuko. Beraz,
uste dut elementu demokratiko
bat dela estatuak gutxiengoen eskubideen
alde lan egitea. Bada,
datuak egiazkoak balira ere, emakume
horiek langile bezala errekonozituak
izateko eskubide izango
lukete berdin-berdin.
Egiazko datua da, aitzitik, prostituta
gehienak etorkinak direla.
Horrela izateak, oztopo gehiago
jartzen al dizkio jardun honen balizko
legalizazioari?
Kaleko prostituzioan nagusi dira
etorkinak, baina ez nuke esango
horrela denik beste motatako
prostituzioaren kasuan. Kalean
daudenetatik, gaur egun, %90
etorkinak dira. Gainera, horietatik
asko arauz kontrako egoeran daude.
Hortaz, herri honetan prostituzioa
nola dagoen ikusita, eta etorkinen
kupoen auzia aintzat hartuta,
gobernuak etorkinak legeztatzeko
aukera eman zuen horretan
etorkinak diren prostituta asko
erregulatu gabe gelditu ziren.
Prostituzioa lan gisa errekonozitua
izan balitz, eta baliabide ekonomikoak
zituztela frogatu izan
balitz, egun, etorkin haiek egoera
legalean leudeke eta bertan gelditzeko
aukera izango lukete arazorik
gabe.
Prostituzioaren legeztatzearen
kontrako korronte feministak ere
badira. Besteak beste, erregularizazioak
proxenetei mesede egingo
diela diote eta sexuen arteko desberdintasunak
oniritzia jasoko lukeela.
Nik ez dut inolako arrazoirik aurkitzen
eskubideak ez onartzeko.
Ez dut inolako arrazoirik aurkitzen
emakumeen sektore bat diskriminatzeko.
Eta proxenetei hegoak
emango lioketela diotenek
gezurra esaten ari dira. Izan ere,
gaur egun, ez dago munduan mafiarik
trafikatzen duten produktua
erregulatu nahi duenik. Mafiek
bere mozkinak hain zuzen klandestinitatean
daudela pilatzen dituzte.
Ildo horretan, guardia zibilaren
txosten batek argi eta garbi
dio, emakumeen salerosketarekin
bukatzerako orduan prostituzioaren
legeztatzeak lagunduko lukeela.
Izan ere, modu horretan derrigortutako
prostituzioa borondatezko
prostituziotik isolatua geldituko
litzateke, eta errazagoa izango
litzateke antzematea.
Oraingo egoerak mantentzen ditu
bere horretan mafia horiek. Halaber,
proxenetek prostituzioaren
segurtasun eza horretaz baliatzen
dira emakumeak mehatxatzeko
eta esplotatzeko. Berdintasun irizpideetatik
begiratuz gero, eta
emakumeentzat iraingarria dela
pentsatzen dutenek, soilik beraien
balorazio morala dela esan behar
dut. Gainera ez du gizarteak balorazio
hori partekatzen, azken inkesten
arabera, biztanleriaren
%75 prostituzioa legalizatzearen
alde dagoelako. Hau da, prostituzioa
iraingarria dela eta delitua
dela pentsatzea bakoitzaren balorazioa
da, eta egun feminismoaren
parte batek soilik kontsideratzen
du horrela. Beraz, ezin da hori legea
bilakatu. Hori egitekotan fundamentalismoa
dela esango nuke
nik.
Beraz, abolizioa ez duzu inondik
inora kontenplatzen…
Prostituzioa desagertzea nahi
duenak zilegia iruditzen zait. Eta
prostituzioa duina ez dela pentsatzen
duena, ez dadila horretan sartu,
baina ez dezatela pentsatu,
pentsatzeko modu hori gizarte
osoari inposatu diezaioketenik.
Ez da esan beharrik ere harreman
sexualak berdintasun printzipioekin
eta errespetuarekin gertatu behar
direla. Dirua tarteko egoteak,
hortaz, ez dut uste inori minik
egiten dionik. Beraz, ez dut arrazoirik
ikusten abolizioa eskatzeko.
Eredu desberdinak daude prostituzioa
araupetzeko. Alemaniakoa,
Holandakoa eta Suediakoa adibidez.
Zer deritzozu?
Suediakoa esaterako deskalabru
hutsa da. Hango sindikatuek esan
digutenez, prostituzioa klandestinizatu
egin da erabat, eta ondorioz,
lan baldintzek okerrera egin
dute, mafiak ugaritu dira… Bestalde,
bezeroaren jazarpena bultzatzea
puritanismo zakarra iruditzen
zait. Ez dakit zer duen txarretik
zerbitzu sexualak alokatzea.
Prostituzioaren muturreko gaitzespen
hori feministen alde batek
defendatzen du. Horien iritziz,
gizonezkoek botere kontuengatik
erabiltzen dute prostituzioa. Nik
ez dut horretan sinisten. Ni betidanik
feminista izan naiz eta emakumeen
bazterkeria ekiditea da
nire egitekoa, ez gizonezkoen
ekintzak beti txarrak direla pentsatzea.
Legeztatzearen prozesua abiatzeko,
hasteko, prostituzioaren inguruan
sortu diren topikoekin hautsi
beharko litzateke ezta?
Dudarik gabe. Prostituzioa aurreiritzi
interesatuez inguratuta dago
betidanik, eta horiek eragiten dute
prostitutak biktimak bezala ikusiak
izatea edota gizonezkoen sexualitatearen
zerbitzura dagoen
haragi puska balitz bezala ikusia
izatea. Ideia hauek bestelako kontu
urratzaileagoak mozorrotzen
dituzte, hots, prostituten gabeziak,
larritasunak eta benetako egoera.
Zenbaitzuen moralitateak kalte
egiten die emakumeei eta penagarria
da feminismoaren parte batek
ideia horiekin bat egitea.