MUGAK: Centro de Estudios y Documentación sobre racismo y xenofobia de SOS Racismo/SOS Arrazakeria Mapa
 
 

Adingabeek ez dute iritzirik (es_ES)

Berriro albiste bihurtu zaigu bakarrik dauden atzerritar adingabeentzat Gipuzkoako Foru Aldundiak Tolosan duen Larrialdietarako Harrera Zentroa. Izatez, arazo hau hedabideetan agertzeko arrazoi franko daude. Hala ere, hemen salatu nahi duguna da albiste eta berri horietan guztietan beti agertzen den kontu bat, eta zera da, adingabeei inoiz ez zaiela beren iritzia eskatzen, nahiz eta beraiek izan egoera horren biktima nagusiak.
Diario Vasco egunkarian agertu zen zutabe baten goiburua irakurriz, “Segurtasun eza, matxinadak eta txikizioak”, esan daiteke egoeraren arduradunak gazteak direla. Eta kito! Bada, ez. Planteamendu hori errore ikaragarria izateaz gain, gazte horiek jasan behar duten beste bidegabekeria handi bat (beste bat gehiago) ere bada. Ziur gaude gazte horiek bortizkeria egoera askoren protagonista direla. Ziur gaude, horietako batzuek lapurretan egin dutela edo urrunegi joan direla beren gehiegikeriatan edo herritarrekin izan dituzten liskarretan. Hori guztia badakigu, diren eta ez diren komunikabide guztiek eman dutelako jakitera. Eta ematen diren bertsio guztiek errua beti adingabeei egozten die, gazte guztiak zaku berean sartuz. SOS Arrazakeria urte osoz ari da gazte horiekin estu-estu lanean, baita beste hainbat erakunde eta pertsonekin ere, hala nola, hezitzaileak, udalak berariaz adingabe horien alde lan egiteko eratu duen mahaia, Zentroko arduradunak, Foru Aldundiak gai honetarako duen zerbitzuko arduradunak, eta abar.
Bada, SOS Arrazakeriak ezezko biribila adierazi behar dio erruduntasun horri. Legez adingabeak babesteko zerbitzu hori bermatu behar duen erakundearen, hots, Foru Aldundiaren, funtzionamendu negargarriaren biktimak dira adingabeak. Ez dira biktima bakarrak, jakina. Eginkizunak ezinezko baldintzetan bete behar dituzten hezitzaileak ere biktimak dira. Baita segurtasuneko pertsonala ere, errepresioa erabiltzera derrigortua baitago heziketaz konpondu behar diren arazoetan.
Biktimak dira, halaber, delinkuentzia gertakizunen bat jasan behar izan duten herritarrak. Ezin dugu, beraz, patxadan gelditu kaltetu horiek guztiak ikusita. Eta are gutxiago, giro gaizto honen errua arazo honetan guztian kaltetuen gertatzen direnei botatzen zaienean: Harrera Zentroko gazteak. SOS Arrazakeriak milaka eta bi ahalegin egin ditu egoera hau guztia aldatzeko, baina emaitzak penagarriak dira. Horri begira, iragan astean idazki bat bidali genien Batzar Nagusietan ordezkaritza duten talde politiko guztiei, argi eta garbi jasanezina den egoera honetan arreta pixka bat jar dezaten eta premiazko neurri batzuk har ditzaten eskatuz. Elkarrizketak izan ditugu jada ia talde guztiekin, eta espero dugu laster beren laguntza jasotzea, hainbat jarduera handi abian jartzeko behar diren diruak egoki ditzaten aurrekontuetan. Hileak daramatzagu komunikabideen zurrunbilotik bazter eta lan ildo bati lehentasuna ematen, uste dugulako gai honetan egokiena dela horrela jokatzea. Baina onartezina da, komunikabideek egoera horren oihartzunak jasotzen dituztenean salatuen eserlekuan gazteak ipintzea, instituzioen tratu txarren biktimak baino ez direnak, alegia. Inork entzun nahi ez dituen biktimak. Eta batzuk, geu kasu, horiek entzuten jartzen garenean, gazteen matxinada sustatzen ari garela salatzen gaituzte, hain zuzen, gazteak entzutegatik! Horixe izan behar denean gazteak zaintzeko eta babesteko obligazioa dutenen eginkizuna: gazteen iritzia entzutea. Tolosako zentroa birmoldatu egin behar omen dute. Ez dago gaizki.
Baina guk zerbitzu horretako arduradunei hil honetan bertan beraiekin izan genuen bileran zuzenean egin eta oraindik erantzunik gabe dauden galdera berberak egin nahi dizkiegu berriro ere: Zergatik mantendu da urte osoan egoera hau? Zein da denbora honetan guztian egoerak okerrera egitearen errudun? Zelako sinesgarritasuna merezi dute gaur egun egiten dituzten promesak, horiek begien bistakoa ukatzen dutenek egindakoak badira? Espero dugu gai honi buruz Batzar Nagusietan laster izango den eztabaidak aukera emango duela, talde politiko guztiek konpromiso bat berretsi eta babesgabetasun egoeran dauden adingabeei buruzko legeak agintzen duena betetzeko, baita behar diren neurriak hartzeko ere, eta nola ez, aurrekontuetan baliabideak egokitzeko eta epe atzeraezin batzuk jartzeko.

Destacamos

Menores en riesgo: Prácticas excepcionales de las Administraciones

Informe elaborado desde SOS Racismo de Gipuzkoa

REVISTA DE PRENSA DIARIA

Si quieres recibir nuestra Revista de Prensa todos los días de forma gratuita...

Suscripciones REVISTA MUGAK

(trimestral)

Las mujeres inmigrantes están sometidas a una doble violencia, la ejercida por el maltratador y la discriminación a la que se ve abocada en la legislación, que prima su condición de inmigrante sobre la de víctima

Desarrollado por eFaber