Nork sortzen du gizarte-alarma?

“Immigrazioa da datorren hamarkadan Espainian bizikidetzarako izango den lehen arazoa. XXI. Mendeko arazo bat ETA bada ere, immigrazioa izango da bizikidetzaren giltzarria” Horrelaxe mintzatzen zen Mayor Oreja joan den maiatzean. Horrela prestatzen zuen beranduago Parlamentuan aurkeztuko zuen Atzerritartasunaren Legearen kontrarreforma. Migrazio-gaiez arduratzen den ministroa immigrazioa eta terrorismoa hain modu lotsagabean erlazionatzera ausartzen bada, ez dago zertan harritu lege-proiektu horren izaera eta asmo atzerakoiez. Murtziako Santonera herriko alkate sozialistak, Antonio Gilek honela zioen, borroka batean immigrante batek bere herrikide bat hil izana komentatzen: “horrelako gatazkak gertatzen dira jende horrek gureaz erabat bestelakoa den kultura duelako. Horrelakoak ez dira gure artean gertatzen, guk beroaldi bat eduki badezakegu ere, berehala pasatzen zaigulako”. Nonbait esan nahi zuen hemen inork bere auzoa tiro batez akabatzen badu Madriden edo Barçaren inguruko eztabaida batean, hori ez dela “gure kulturari dagokion zerbait”; baina immigranteen artean bada, orduan bai…Joan den maiatzaren 20an Arrecifeko polizi komisarian hil zen Guinea Bissauko hiritar bat, Antonio Augusto Fonseca, atxilotua eta auto baten maletategian eramana izan ondoren. Poliziek jakinarazi zutenez, heriotza, drogak hartzearen ondorioz gertatu zen, eta hori bermatzeko txosten forentse bat aurkeztu zuen heriotza birika-edema batek eragina zela esaten zuena. Baina abuztuaren 23an Augusto Fonsecaren arrebak epailearen aurrean salatu zuen heriotza poliziaren tratu txarrengatik gertatu zela. Eta salaketarekin batera, familiak eskatutako bigarren autopsia baten emaitzak aurkeztu zituen; bertan frogatuta agertzen zen ez zegoela droga-kontsumoaren inongo arrastorik eta heriotza eragin zuena, lepoan jasotako kolpe handi bat zela. Atxiloketa nola gertatu zen ikusi zuen lekuko batek zioenez polizi agenteek ostikokoka eta ukabilkadaka ibili zuten Antonio Fonseca, kordea galtzea eragin arte. Barne Ministerioak, nola ez, bere egiten du polizien bertsioa. Estatuaren administrazioetatik, Gobernutik bertatik immigranteen eskubideak horrela zapaltzen dituzten gertakariak eragin eta estaltzen direnean, herrialde honetan gauzak ez doaz bide onetik. Are okerrago, zabaltzen duten irudiak biztanleriaren joera xenofobo zitalenak kitzikatzeko arrisku nabarmena dakarte. Horrela, immigrazio politika fluxuen kontrolean oinarritzen delarik, eta ondorioz, mugen kontrola erdigunean jartzen delarik, atzerritartasunaren legea, eta ez immigrazioaren legea, daukagu. Baina ministroaren esaldi ospetsua gertaera larria bada ere, oraindik larriagoa da eragile sozial eta politikoek erantzunik ez ematea horrelako bidegabekeriari. Hedabideek, esate baterako, ez dituzte apenas kritikatu deklarazio horiek. Klase politikoak ere berdin jokatu du. Gauza adierazgarria: zertan daude ados politikari gehien-gehienak? Bi puntu nagusitan eskatzen da estatu-itun bat egitea: terrorismoaren aurka ekiteko, eta atzerritartasun legearen oraingo kontrarreforma aurrera eramateko. Baina guk uste dugu edozein estatu-itun baino lehenagokoa dela gizarteak bere osotasunean hartu beharko lukeen akordio orokorra, immigranteentzat zer nahi dugun adosteko. Eskubideen berdintasuna nahi badugu, aurreneko gauza da alde batera uztea bi aurpegiko diskurtsoa eta bakoitzak onar dezala immigrantea pertsona bezala, ez merkantzia edo eskulan gisa. Ezinbestekoa den azalpen- eta pedagogia- eginkizun horretan bai ahalegindu beharko luketela politikariek, hedabideek eta beste eragile sozialek, beren diskurtsoak egokituz eta gizartearen beldurra pizteari utziz. Ministroak etorkizunerako igarpen aurkeztu du: El Egidon gertaturikoa bezalako eraso arrazistak aurrerantzean ere izango dira. Orain dela gutxi arte, emakumeeek ez zeuzkaten eskubide zibilak eta ezin zuten gizonezkon pareko hiritarrak izan. XXI. Mendean sartzeko gauden honetan, hiritar-eskubideak ukatzen zaien jende multzo bakarra, atzerritarrek osatzen dutena da. Ehun urte ditugu gure aurrean hiritar-errekonozimendua mamitu dadin eta esaldi hura, inoiz bete ez ziren igarpen txoroen artean gogora dadin.

        Bizilagunak21

  Trabajadoras

Zurrumurru Ez Logotipo Fondotransparente 08 1

Valla

Fotografía Amnistía Internacional

Banner Docu Sos Eusk

Colabora

Colabora económicamente con SOS Racismo de la forma que tú prefieras:

Socios Eu

Mugak aldizkaria

01recortada

2012 Urteko Txostena

Inf An Sos12 Web