Gure eskakizunak Eusko Jaurlaritza berriari

Argitaratua 2016(e)ko Urriaren 24, 09:28

Asamblea
Asamblea SOS Racismo Gipuzkoa 2016

Egia izanik immigrazio eta atzerritartartasun gaietan erabakiorra dela Europar Batasunetik eta Estatuko Gobernutik datorren arauteria (nahitaez transposiziogai diren zuzentarauak, Atzerritartasun Legea, Betearazpen Erregelamendua, Europar Batasuneko pertsonen eta haien familiartekoen egoitza arautzen duen arauteria, Asilo Legea, eta abar), Eusko Jaurlaritzak bere eskumenen esparruan gai horiei buruzko zeresan eta zeregin guztiz garrantzitsuak ditu.

Egia izanik immigrazio eta atzerritartartasun gaietan erabakiorra dela Europar Batasunetik eta Estatuko Gobernutik datorren arauteria (nahitaez transposiziogai diren zuzentarauak, Atzerritartasun Legea, Betearazpen Erregelamendua, Europar Batasuneko pertsonen eta haien familiartekoen egoitza arautzen duen arauteria, Asilo Legea, eta abar), Eusko Jaurlaritzak bere eskumenen esparruan gai horiei buruzko zeresan eta zeregin guztiz garrantzitsuak ditu.

Hori dela eta, bai hurrengo legealdia zuzenduko duen Eusko Jaurlaritzari, bai Eusko Legebiltzarra osatzen duten alderdi politikoei eskakizun batzuk bideratzen dizkiegu, orokortasunean hartuta immigrazio eta atzerritartasun gaiekin zerikusia duten gaiei buruz.

Gure asmoa ez da dauden arazo guztiei aurre egitea; garrantzi nabarmenekotzat jotzen ditugun batzuk azpimarratu nahi ditugu, Jaurlaritza berriari erantzun eraginkor bat eskatuz.

Oraingo egoeraren ezaugarriak

Jarraituko erroldaren datuen arabera, 2016ko urtarrilaren 1ean 139.025 pertsona atzerritar zeuden erroldaturik EAEn, hau da, Autonomi Elkarteko biztanleriaren % 6,4. Haietatik 124.064k bazuten beren izeneko egoitza baimen bat edo erregistro-ziurtagiri bat indarrean. Horren ifrentzua da erroldaturiko pertsona atzerritarren %10 baino gehiago, egoera administratibo irregularrean daudela.

2014, 2015 eta 2016 urteetan, izugarrizko jende saldoak iritsi ziren Europar Batasunera nazioarteko babes bila. Europar Batasunaren erantzuna benetan etsigarria izan da. Babes eske etorritako pertsona horiek agerian jarri dituzte Batasunaren eraikuntzan ezkutatzen ziren kontraesan ugari. Arazo handi horietako bat. 1957an abiatu eta orain Europar Batasuna deitzen den horrek ez duela asmatu asilo-sistema erkide bat eraikitzen.

Gure herrialdea da Europa osoan asilo-eskatzaile gutxien hartzen dituenetakoa, eta gutxien berkokatzen dituenetakoa. Zalantzarik gabe, nazioen norberekeriak, estatu-mugen ixteak, harrera-politika murrizgarriak, eta Europar Batasunean errefuxiatu-estatutuak esleitzeko adostu diren politikak gauzatzerakoan Espainiako Gobernuak izan duen jarrerak zerikusi handia izan dute “lorpen” haietan. Eta itxura denez, horrela izango da etorkizunean ere barne-aldaketa sakonak gertatzen ez badira.

Hemen bizi diren atzerritarrak langileak dira gehienbat. Ez dira errentadunak, ez dira erretiratuak, are gutxiago inbertitzaileak. Oso neurri handi batean, langileak dira, lan-merkatuko maila apalenetan kokatutako gizon eta emakumeak. Haien lantokiak, prekaritate-indizerik handiena, eta batezbesteko soldatarik baxuenak dituztenak dira. Horrek esan nahi du aukera gehiago dutela lan prekarioetan eta langabezian erortzeko eta lan prekarioa edo langabezia gizarte-prestazioekin batera konbinatu behar izateko. Halaber, haien kontratuetan nabari dira lan-antzinatasun txikiagoa, eta tenporaltasun-indize altuagoa. Inguruan duten gizarte-sarea bertako langileena baino urriagoa izanik, zerbitzu publikoetara jotzeko beharra handiagoa izaten dute. 2016ko bigarren hiruhilekoaren BAIaren arabera, EAEko langabezi tasa ertaina % 12,5 zen, % 11,03 naziotasun espainiarreko pertsonentzat, eta % 33,18 atzerritar pertsonentzat, orokorrean.

Langile atzerritarren egoerak, oro har, antza handia dauka krisiaren eragina, arrazoi desberdinengatik, hala nola adina, jeneroa, famili egoera edo kualifikazio eskasia, gogorren jasaten ari diren bertako langileriaren beste sektore batzuenarekin. Esate baterako, batzuek, besteek bezala lan-prekaritatea,eta langabeziarako aukera handia pairatzen dutenez, erakunde humanitarioetara, hala nola Caritas edo Elikagaien Bankura, jo behar izaten dute. Baina, atzerritar biztanleriak ezaugarri bereziak dauzka, kalteberatasuna areagotzen dutenak. Horietarikoak dira haien mendetasun administratibo berezia (lanerako eta egoitzarako baimenak, familiak berrelkartzeko baimenak...), eta lanera iristerakoan gertatzen diren bazterkeriak.

Kontuan izan behar da beti, atzerritartasun-arauteria, bereziki pertsona atzerritarrei, langile atzerritarrei, aplikatzen zaien zerbait espezifikoa dela, eta horrek laguntzen duela langile mota berri bat sortzen, ahulagoa gizartekide eta langile gisa, bertako langileen parera iristen ez dena harik eta ez duten lortzen egoitza-baimen iraunkorra edo iraupen luzekoa. Eta zero urtetik bosteraino joan daitekeen tarteko aldi horretan, kalteberatasuna oso handia dela, izan ere, lanerako eta egoitzarako baimenak berriztatzea lortu ezean berriro ere irregulartasunaren putzuan eror baitaiteke.

Administrazioarekiko mendekotasun hori beste alor batzuetara ere hedatzen da, hala nola, norbere familiarekin bizitzeko eskubidea, familia berrelkartzeko sistemak araututa, eta egikaritu ahal izateko baldintza zorrotzak bete behar dituena, lan-kontratu, diru-sarrera eta etxebizitzaren aldetik.

Hala EAEn nola Gipuzkoan egiten diren pobreziari buruzko inkesta guztiek erakusten dute biztanleria atzerritarra, egoiliarra eta/edo atzerrian sortua, arrisku-taldeetako bat dela, bertako emakumeekin, eta emakumeak zuzendutako etxean bizi diren pertsonekin batera.

2008an hasi zen ekonomi krisiak eragin kaltegarri sakonak izan ditu bizilagun langileen multzo osoan, eta bereziki immigranteek osatzen duten populazioaren parte horretan. Dirudienez krisialdiaren okerrena gaindituta badago ere, haren ondorioek pertsona askoren bizi-baldintzetan duten eragina indartsua da beti ere.

Hori dena kontuan izanik, gobernu berriak EAEko biztanleria immigrantea ongi gizarteratzen eta integratzen laguntzeko politikak bultzatu beharko lituzke, kontuan izanik horretarako landu beharreko alor guztiak: juridikoa eta legala, pertsona egoiliarraren estatusa arautzen duena; laborala eta ekonomikoa, langileak eta kontsumitzaileak diren aldetik; bizitokiarena, kontuan hartuaz etxebizitza, eta herri-hirietan dauden bizikidetzarako espazio desberdinak; zerbitzu publikoetarako irismen eta gozamenena; kulturari eta identitateari dagozkion alorrak, eta politikoa, eskubide politikoei dagokiena.

Beste aldetik, eta krisia baino lehenagokoak, eta erro sakonagokoak diren arren, kontuan izan behar da ekonomi krisiak indartu eta finkatu egin dituela EAEn bizi diren pertsona immigranteen aurkako estereotipo eta aurreiritziak, zurrumurruen bidez hedatu eta zabalduak. Horren ondorioetako bat izan da gizarte-arazoak etniarekin eta arrazarekin lotzeko joera. Gizarte-loturak hausten ari diren mundu batean, kultur desberdintasunak txartzat jotzen dira, eta desberdintasun horiekin lotzen diren pertsonak prekarizatzeko eta baztertzeko arriskua areagotu egiten da.

Horregatik, ezinbestekotzat jotzen dugu Jaurlaritza berria modu eraginkorrean partaide izatea, beste hainbat erakunde publiko eta gizarte mugimenduren antzera, bizilagun immigranteei buruzko zurrumurru eta estereotipoen hedapenaren aurkako ZAS! Zurrumurruen Aurkako Sarea. Red Vasca Antirrumores ekimenean.

Egun, Europa osoan indar handia hartzen ari dira era askotako mugimendu eta partidu eskuin muturreko, nazionalpopulista eta neopopulista xenofoboen ideiak eta proposamenak. Oraingoz hemen mota horretako alderdi politikorik ez badugu ere, komenigarri izango litzateke, parte hartzen den nazioarteko esparruetan, bereziki Europar Batasunean, ozen eta argi hitz egitea ideia haien aurka.

Ezin da gizarte integratu bat eraiki, nazio-jatorri desberdina duela eta, hemen bizi den biztanleriaren parte bat ageri-agerian diskriminatzen bada bizitzaren hainbat alorretan (enplegua, gizarte-prestazioak, etxebizitza, zergak, zerbitzu publikoetarako sarbidea eta abar). Diskriminazioa herri baten, gurearen, giza kalitatearen isla da. Horregatik gure jomugan hiritartasun plurala eta inklusiboa jarri behar dugu, non, nazionalen eta atzerritarren arteko desberdintasunen gainetik, egoitza administratiboa izango den eskubide eta betebeharren titular izateko sarbidea.

Hori guztia kontuan izanik, ondoko eskakizun hauek egiten ditugu

  1. Eusko Jaurlaritza berriak, bereak dituen eskumenen eremuan, diskriminazioen aurkako lege integral bat erredaktatzea eta onartzea sustatu dezala, bertan arautuz enplegurako, etxebizitzarako, toki publikoetarako sarbidea edo hedabideetako publizitatea, besteak beste.
  2. Langileen enpleguari, formakuntzari eta birkualifikazioari dagozkion politiketan kontuan har dadila populazio langile immigratuaren egoera berezia, desfaboraturiko multzo horren intserzio sozio-laboralerako Plan bat onartuz. Era berean, etxeko langileei berariazko arreta ematea, 2018ko urtarrilaren batetik aurrera esijituko den formakuntza erraztuz Lanbideren bidez eta udal zein aldundien laguntzarekin, etxeko langile horien lan-ordutegi espezifikoak kontuan hartuz, bereziki neskame gisa aritzen direnena.
  3. Gizarte-babeseko sistema indartzea. Sistema honek murrizketak jasan zituen 2011. urtean eta 2012ko urtarrilaren 1ean indarrean jarri ziren. Horien ondorioak dira: prestaziorako eskubidea izateko hiru urte erroldaturik, eta ez bat, behar izatea, eta laguntzen zenbatekoa %7an gutxitzea. Murrizketa horiek ezabatzea eskatzen dugu. Une honetan Etxebizitzarako Prestazio Osagarriaren onuradun den inork ez du kanpoan gelditu behar orain lanketa fasean dagoen “Etxebizitza duin eta egoki baterako sarbidea izateko eskubide subjektiboari buruzko Dekretuaren ezarpen eremutik.
  4. Erroldaturik eta egoera administratibo irregularrean dauden pertsona atzerritarren osasun-asistentziarako eskubideari dagokionez, 2012ko erreformaren aurretiazko egoerara itzultzea.
  5. Eusko Jaurlaritzaren egituran berrezar dadila Immigrazio Zuzendaritza. Eusko Jaurlaritzak lagundu eta erraztu dezala udal eta mankomunitateetako immigrazio-teknikarien sarearen zabaltzea. Izan ere, lan egin ahal izan duten tokietan, haien oinarri-lana oso onuragarria izan baita.

    Sos Texto

SOS Racismo SOS Arrazakeria Gipuzkoa
Donostia, 2016ko urria

        Bizilagunak21

  Trabajadoras

Zurrumurru Ez Logotipo Fondotransparente 08 1

Valla

Fotografía Amnistía Internacional

Banner Docu Sos Eusk

Colabora

Colabora económicamente con SOS Racismo de la forma que tú prefieras:

Socios Eu

Mugak aldizkaria

01recortada

2012 Urteko Txostena

Inf An Sos12 Web