Etorkinek zerbitzu eta prestazioetara duten sarbidea. 2011 txostena

Argitaratua 2012(e)ko Otsailaren 7, 22:20

Arartekoweb

 IKERLANAREN HELBURUA ETA GIZARTEAN DUEN GARRANTZIA

Jendeak oro har uste du (eta baita euskal gizarte osoak ere) etorkinek asko erabiltzen dituztela gizarte-zerbitzuak, gehiegi ere bai. Bertako biztanleen estereotipo okerren artean, sarri esaten da atzerriko etorkinak gizarte-laguntzetatik bizi direla, lan egin beharrean. “Lehendabizi etxekoak” deritzan diskurtso nazional eta familia zalea indarrez finkatzen ari da jendearen iritzian, eta areagotu egiten da oraingo krisi ekonomikoko egoeran. Gainera, mehatxu sentsazio horrek eragina du biztanleak partekatzeko prest dauden eskubideei buruzko balorazioan.

Diskurtso horien aurrean, eta horren kontrako hipotesitik abiatuta (alegia, SOS ARRAZAKERIAren ustez, etorkinak ez ziren onura handiagoa ateratzen ari, baizik eta zailtasun gehiago zituzten prestazio horiek eskuratzeko) garrantzitsutzat jo zen etorkinek EAEn gizarte zerbitzuetara eta prestazioetara zer sarbide duten aztertzea, baita ere talde horrek −batik bat administrazio-egoera irregularrean dauden atzerritarrek− zer zailtasun eta legezko muga aurkitzen dituzten argitzea. Halaxe egin zen, ARARTEKOAren ikerketa-beka batzen laguntzaz.

METODOLOGIA

Erabilitako metodologian, bigarren mailako iturriak aztertu ziren (iturri teorikoak nahiz lege izaerakoak), eta azterketa kuantitatiboa egin zen, bildutako datuen estatistika-ustiaketa eginez. Datu horiek IKUSPEGIk, Gizarte Segurantzako eta INEMeko iturriek eta Gipuzkoako foru administrazioak bildutakoak ziren, eta EAEko gizarte-eragileei eta prestazioak jasotzeko zailtasunak aurkitu dituzten atzerritarrei egindako elkarrizketetatik ere atera ziren.



IKERLANEAN ATERATAKO ONDORIOAK

Lehendik ere hainbat azterlanetan kuantifikatu izan da zenbateraino erabiltzen diren gizarte-zerbitzuak. Azterlan horiek erakutsi dute etorkinek ez dituztela zerbitzu horiek besteek baino gehiago erabiltzen, eta ez hori bakarrik, gainera, ondorioztatu dute etorkinek jasotzen dutena baino gehiago ematen diotela ongizate Estatuari. Oso etorkin gutxik jasotzen dituzte edo jaso izan dituzte toki-, foru- autonomia- eta Estatu-administrazioek gure udaletan, lurralde historikoetan, erkidegoan edo Estatuan bizi diren eta erroldatuta dauden pertsonei eskaintzen dizkieten prestazio ekonomikoak.

Datu horrek lehen gogoeta eragiten digu: gizarte-zerbitzuen erabileran etorkinek ustez duten gehiegizko ordezkaritza azterlanen eta datu objektiboen bitartez gezurtatu beharra dago. Gizartean sentikortasun ikaragarria pizten du gaia honek, gizarte-zerbitzuen erabilerak eta gehiegizko erabilerak.

Baina diruzko alderdiak bakarrik aztertzen baditugu, immigrazioaren ikuspegi utilitaristak oztopatu egin dezake emaitza. Horregatik, gure ikerlana harago doa eta, bertan, gizarte-zerbitzuak eta prestazioak eskuratzeko orduan etorkinek egunero zer zailtasun aurkitzen dituzten aztertzen da batik bat. Irregulartasun administratiboa, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta eskuratu ahal izateko alokairu-kontraturik ez izatea, edo jatorrizko herrialdean familia-egoera aztertzerakoan sortzen diren nazioarteko zuzenbide pribatuko arazo benetakoak, horiexek dira bertakoekin alderatuta etorkinek dituzten gehitutako arazoetako batzuk, gizarte-zerbitzuetara sarbidea izateko orduan.

Horrez gain, azpimarratzekoa da baliabideak murriztu egin direla, eta horiek eskuratzeko izapideak gogortu, errolda-denborak luzatu direlako eta laguntza horietako batzuk legezko egoera juridiko-administratiboan daudenek soilik lor ditzaketelako. Horrela, etorkinek baliabide eta prestazio publikoak jasotzeko gutxienezko errolda-denborak bete ez badituzte eta diru-sarrerarik ez badute, gizartean txertatzeko ibilbide hau jarraitu behar dute: oso oinarrizko baliabideak eskuratu behar dituzte, oinarrizko beharrak estaltzeko: jatekoa, arropa garbiketa eta neguko aterpetxeetan dauden plaza mugatuak eskuratzea. Legezko egoitzari buruzko betekizun hori ez dator bat Immigrazioaren gaineko Euskal Planak garatzen duen izatezko herritartasunaren asmoekin, eta horrek etorkinei moztu egiten die edozein herritarrek dituen eskubideak baldintza beretan baliatzea, beraien egoera juridikoa legezkoa den ala ez alde batera utzita.


Beraz, azken gogoeta gisa, hiru erronka proposatzen ditugu etorkinek Euskadin gizarte-zerbitzuak jaso ahal izateko:

1º Moldagarritasuna. Ikerlan honetan ateratako ondorioetako bat hauxe da: gizarte-zerbitzuek etorkinei egokitu behar zaizkie, haiek arazo bereziak dituzte-eta. Azken batean, berdintasuna eta ekitatea bateratu behar dira.

2º Pedagogia. Gogoeta honen hasieran aipatu dugunez, jendearengan finkatuta dauden estereotipo eta aurreiritzi jakin batzuk desegitea da herri-erakundeen erronka. Etorkinei gizarte-prestazioak jasotzeko eskubideak murriztea eta zerbitzuetan iruzurra eta gehiegizko erabilera gertatzen direla dioten mezu asaldagarriak guk proposatzen dugun eginkizun pedagogikoaren kontrako noranzkoan doaz. Horrelako mezuen ondorioz, azkenean, sistema bera higatuko da eta bertan jarritako konfiantza galduko da; horrek, oro har, euskal gizarte osoari eragingo dio.

3º Nolanahi ere, arestian aipatutako hori ez da nahikoa erakundeek ongizate Estatua indartzeko apustu argia egiten ez badute, are gehiago krisi ekonomiko latza bizi dugun garai honetan. Krisialdia Euskadin bere laztasun osoz agertu baino lehen, zenbait lege onartu ziren, eta haietan eskubide gisa onartu ziren lehenago aurrekontu-gertakizunetara lotuta zeuden prestazio batzuk. Ohartzen gara arau horiek oraingo egoeran aplikatzea erronka garrantzitsua dela; baina lege-aldaketa murriztaileen eta baztertzeko tentazioen aurrean, ezin eztabaidatuzko gertakari bat dago: immigrazioa euskal gizartearen egiturazko elementu bat da, etorkinek migratzean duten asmoa bertan bizitzen geratzea da, eta herrialde honetako herritarrak izatea, eskubide eta betebehar berberekin.

La Caixa fundazioak argitaratutako Inmigración y Estado de bienestar en España azterlanean adierazten denez, immigrazioak gure ongizate-araubidearen beraren egiturazko ahulguneen aurrean kokatzen gaitu, haren indarrak eta ahuleziak erakusten dizkigu. Immigrazioa, beraz, ez da erronka bat bakarrik, baizik eta baita aukera bat gizarte-babeserako gure sistemaren ahulguneak identifikatzeko eta biztanle guztientzako onuragarriak izango diren konponbideak abiarazteko. Erronka horretan, immigrazioa ez da arazoa, konponbidearen zati bat baizik.


Donostia-San Sebastián, 2011ko abenduaren 1a

        Bizilagunak21

  Trabajadoras

Zurrumurru Ez Logotipo Fondotransparente 08 1

Valla

Fotografía Amnistía Internacional

Banner Docu Sos Eusk

Colabora

Colabora económicamente con SOS Racismo de la forma que tú prefieras:

Socios Eu

Mugak aldizkaria

01recortada

2012 Urteko Txostena

Inf An Sos12 Web