Aldundiak eta SOS Arrazakeriak sustatzen duten arrazakeriaren aurkako sarea Tolosaldera zabalduko da

Argitaratua 2017(e)ko Irailaren 20, 10:13

Berdin

Eskualde mailako bulegoa irekiko dute Tolosan gizartean, erakundeetan eta elkarteetan eragiteko; ekimena jada Gipuzkoako hiru eskualdetara hedatu da

Aldundiak eta SOS Arrazakeriak elkarlanean abiarazitako Berdin, arrazakeriaren aurkako sareak, ekintza esparrua Tolosaldera hedatuko du. Lehenik Oarsoaldean eta jarraian Debagoienean hasitako esperientzietan jasotako emaitza onen ostean emango du sareak hedapen urrats berri hau. Gertuko politiken bidez, maila lokalean eragitea da Gipuzkoako Foru Aldundiaren nahia. SOS Arrazakeriaren eskutik, urterik urte lurraldean zehar hedatzen dabilen ekintza sorta dabiltza garatzen bi erakundeak tokiko eragileekin laguntzarekin. Aldundiaren Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendaritzaren ekimena da eta haren zuzendari Maribel Vaquerok azaldu du, hain zuzen, “gizartearen kontzientziazioa funtsezkoa” dela “arrazakeria eta xenofobia errotik erauzteko”. Horregatik, programak eragin lokalean du fokua.

Sarea 2015 urtean sortu zen Oarsoaldean Aldundiak bideratutako partaidetza programa baten ondoren. Sentsibilizazio eta informazio ekimenak eginez hasi ziren eta emaitza ona izanda, jarraipena izan zuen 2016 urtean Debagoienean. Bada, bi urteko ibilbide oparoaren bermearekin, bazterkeriaren aurkako sarea orain Tolosaldera zabalduko da. Maribel Vaquerok nabarmendu du sareak erakutsi duela “arrazakeriari aurre egiteko tresna baliagarria” dela eta, bide honetatik, lurralde osora zabaltzen eta prestakuntzan sakontzen” jarraituko dutela.

Tolosan azaldu dituzte hitzarmenaren xehetasunak gaur eta aurkezpenean izan dira, Vaquerorekin batera, Olatz Peon Tolosako alkatea eta Tolosaldea Garatzeneko lehendakaria, eta Gerrar Carrere SOS Arrazakeria Elkartearen ordezkaria. Hirurek jo dute lehen premiazkotzat gorroto-delituen prebentzioa eta giza eskubideen defentsarako lan espezifikoa bideratzea udalerrietan, ekintza zehatzekin.

Tolosako alkateak argi adierazi du arrazakeria eta xenofobiari aurre hartu eta ezabatzeko, politika publikoak eta gizarte-estrategiak bultzatzea ezinbesteko dela: “Tolosa herri anitza, herri aberatsa da. Orain dela urte batzuk lehentasuna etorkinen harrera zen; gaur egun etorkinen eta bertakoon arteko integrazio eta bizikidetzara bideratzen ditugu batez ere indarrak”. Hark azaldu duenez, ekimen honek 2017-2020 Elkarbizitza Plana-rekin egiten du bat, hain zuen, “immigrazioaren eta elkarbizitzaren esparruan esku-hartzeko lanerako gida” eskainiz. Nabarmendu du “gure aurrekoak migrante izan ziren eran, egun gurera datoz arrazoi bertsuengatik” eta pertsona orok duela “gurean babesa bilatzeko aukera, mundua ekarri baitute gure herrietara, eta hori jakintza iturri mugagabea zaigu. Bizikidetza da horretarako bide”.

Tolosan eta bere eskualdean egingo den urrats berri honek 45.000 euroko zuzkidura izango du. SOS Arrazakeria elkarteak jasoko ditu baliabide hauek eta ekintza ildoak sareak jada lanean diharduen bi eskualdeetan egindakoen antzerakoak izango dira: herritar, agintari eta erakundeetan eragitea, salaketak bideratzea eta sarea ehuntzen eta trinkotzen jarraitzea. Tolosaldeko sarearen oinarria Tolosan ezarriko da. SOS Arrazakeriak bulegoa irekiko du udalerrian eta jarduera nagusiak sentsibilizazio eta prestakuntza ikastaroak antolatzea izango da, hala Tolosan nola eskualdeko gainerako udalerrietan.

Ekintza zehatzetara jota, Oarsoaldean eta Debagoienean bezala, hasteko prestakuntza saioak eskainiko zaizkie Helduen Heziketa Zentroetako atzerritarrei. Programak, halaber, arreta berezia eskainiko dio etxebizitzaren gaiari, zailtasun eta gatazka gai nagusietako bat da-eta atzerritarrentzat. ‘Testing’-ak egingo dira etxebizitza eskuratzerako orduan egon daitekeen bazterkeria aztertzeko. Azkenik, udaltzaingoa ere inplikatzeko asmoz, praktika onak zehaztu eta zabaltzeko programa gauzatuko da.

Tolosaldean emango den bultzada berri honekin, SOS Arrazakeria Elkarteak konpromisoa hartzen du programa lurralde mailako garapenarekin jarraitzeko sarea Gipuzkoa osora zabaldu ahal izatea baita asmo nagusia.

        Bizilagunak21

  Trabajadoras

Zurrumurru Ez Logotipo Fondotransparente 08 1

Valla

Fotografía Amnistía Internacional

Banner Docu Sos Eusk

Colabora

Colabora económicamente con SOS Racismo de la forma que tú prefieras:

Socios Eu

Mugak aldizkaria

01recortada

2012 Urteko Txostena

Inf An Sos12 Web