Arrazistak? Hemen ez dago halakorik!

XXI. mendearen atarian, ikerketa ugari egiten da arrazakeriari buruz, nahiz eta oraindik ez dagoen adostasunik hitz horrekin esan nahi dena definitzerakoan. Aspaldi samar, Julio Cortazarrek esan zuen arrazakeria koloretako klase borroka zela. Joan den uztailean hedabide guztiek, eta bereziki prentsak, gai horrekin loturiko hainbat gertaerari buruzko berri, editorial eta iritzi-artikulu mordoa argitaratu dute. Horrela, uztailaren zortzian, Madrileko Udalaren aginduz Fuencarraleko Malema auzoan kanpaturik zeuden ehun familia errumaniar lekutik boteak izan ziren. Hil beraren 14an Terrassako Ca’N Anglada auzoan, bi gazteren arteko liskar batetik abiaturik, auzolagun talde batek Magrebtarren aurka ekin zuen zuzenean. Uztailaren 19an, nazionalitate ganbiarreko hiru pertsona zauriturik gertatu ziren Girona ondoan dagoen Banyolesen, immigranteak bizi ziren eraikin bati norbaitek nahita su emanda. Handik ordu batzuetara, Gironako meskita baten ataria sutan zegoen. Terrassako Udalak emandako datuen arabera, marokoar jatorriko 1.492 pertsona daude erroldan, atzerritar biztanleen %57,25; baina kontuan izanda paperik gabekoak, jatorri horretako biztanleak bi milara irits daitezke. Ca’N Anglada auzoan hirurehun marokoar daude zentsaturik, eta Udalaren estimazioen arabera guztira seiehun izan daitezke. Adin-piramideari begira, marokoar jendea gaztea edo oso gaztea da (16 urtetik beherako 472 pertsona). MUGAKen ale honetan egiten den prentsa-analisitik ondorioztatzen da Terrassako gertaerek editorial eta iritzi-artikulu multzo handi bat sorrarazi zuela. Badirudi hedabideek katarsi kolektiboa egin nahi dutela arrazakeriaren aurkako bandera gora altxatuz. Baina tipula-malkoz negar egiten duen prentsa horrek berak ez du inoiz ahazten “ilegal” izenondoa jartzea itsasartean itotakoez hitz egitekoan, edo poliziak hamar “ilegal” atxilotu dituela esatekoan, inolako ahaleginik egin gabe analizatzeko zergatik immigranteek arriskatzen duten bizia, edo zer esan nahi duen mafiak hor egotea. Horrela, iritzi publikoa pixkana-pixkana badoa mota horretako berrietara ohitzen uda bakoitzean, pasako txorien garaia balitz bezala. Skin batzuek magrebtarrak makilez jipoitzean erakusten duten arrazakeria salbaia eta ankerra oso erraz sumatzen eta gaitzesten da. Baina poliziak ijitoak lekutik botatzen dituenean, gauzak bestela ikusten dira. Skinen arrazakeria baina arriskutsuagoa den beste arrazakeria instituzional horren aurrean hedabideek mezu anbiguoagoa zabaltzen dute. Honelako zerbait diote: alde batetik ez dago ondo jendea kanporatzea, baina bestetik beharrezkoa da; hori baita bidea ijito zintzoa eta mairu ona benetan integratzeko. Uztailean gertatutakotik, irudirik tamalgarriena eta lotsagarriena ez da Ca’N Angladako sarraskia, baizik eta CIUko diputatuak etxea erre zieten ganbiarrei Atzerritartasun Legearen erreforma-proiektua ematen erakusten zuen beste hura. Mezuaren nahasiak maila gorena jotzen du kasu horretan, zeren arrazakeria instituzionalaren adibiderik zitalena, Atzerritartasunaren Legea, arrazakeria bortitzaren erremedio gisa aurkezten baita. Gaixoaren marranta sendatzeko jarabetan nahasturiko zianuroa errezetatzen duen medikua, alegia. Eta marrantaz ari garela, eraso horien biktimak, hotsez eta efektu bereziz hornituriko filmaren aktore mutuak izaten dira. Efektu bereziak, berriz, atzerritartasun legearen erreforma-proiektu honetan datoz, zeren eta ukitu barik uzten baitu egoitza / lana bikotea, egoera irregularrean daudenak kanporatzen jarraitzen baitu, Internamendu Zentroak areago finkatzen baititu…hots, eta zerbait berezirik gertatu ezean, erreforma honetan betikoa betikotzen dela; hori bai, boladak agintzen duen bezala, integrazioa, tolerantzia eta beste edergarriz apainduta. MUGAKen ale honetan ez dugu gehiago luzatu nahi uztailean gertatutakoaren inguruko eztabaida; gure asmoa, jadanik esana dagoenari buruzko gogoeta egitea da. Alde horretatik, merezi du pentsatzea norentzat den onuragarri mota horretako eraso arrazistek hedabideetan daukaten oihartzun itzela, eta oihartzun horren zer nolakoak. Agian aurkituko dugu gertaera horien erremedioa datorren atzerritartasun lege “zoragarriak” dakarrela, eta lege-proiektu horren aurka dagoena arrazistatzat salatzen dutela. Eta jakina, itzulinguru horrekin zirkulua itxita legoke. Horregatik ez dugu ahaztu behar uztailean gertatutakoak larriak badira ere arrazakeria mota arriskutsuena, itxura hori gabe azaltzen dena dela. Eta hori besterik ez dira hedabideetan integrazioa lortzera bideratutako politikarien ekintzatzat saltzen dizkiguten kupoak, kanporaketak, berrarpen-akordioak eta gainerakoak. Izan ere, atzerritartasun legearen hazitik lortzen dira Ca’N Anglada auzokoa bezalako uztak.

Zurrumurru Ez Logotipo Fondotransparente 08 1

Valla

Fotografía Amnistía Internacional

Banner Docu Sos Eusk

Colabora

Colabora económicamente con SOS Racismo de la forma que tú prefieras:

Socios Eu

Mugak aldizkaria

01recortada

2012 Urteko Txostena

Inf An Sos12 Web