Hirien eta parien Europa

Kontuan izanda noiztik dagoen orain Europar Batasuna deitzen dena, europar hiritartasuna berriki sortutako figura juridikoa dugu. Europako Ekonomi Erkidegoa sortu zuen 1957ko Erromako Tratatuan ez da aipatu ere egiten europar hiritartasuna. Hori bat zetorren EEE sortu zeneko izpirituarekin: hau da, hainbat helburu zeuden, denak ekonomiaren ildokoak lortzea, eta haien artean “merkatarien Europako” hiritarrarentzat ez zegoen inolako zirrikiturik. Hainbat urte igaro beharko dira, 1973ko Kopenhageko Gailurrean eta 1974ko Parisekoan, europar hiritartasuna arautzen hasteko ideia sumatzen uzten zuten testuak plazaratu arte. Bilera horietan erabakitakoaren ondorio izan zen 76/787 Ebazpena, arautu zituena 1979an egin ziren Europar Parlamenturako lehen hauteskundeak sufragio unibertsalez, eta ez, ordura arte bezala, estatuetako parlamentuen izendapenez. Hamar urte beranduago, 1984ko ekainean, eta Fontainebleauko Europar Kontseiluan, batzorde ad hoc bat ezarri zen, europar hiritarren eskubide posibleak garatzeko eginkizunarekin. Horien artean zeuden udal hauteskundeetako sufragio eskubidea, Europar Ombudsmanari eta Parlamentuari eskabideak zuzentzeko eskubidea, eta abar. Baina eskubide horiei eusteko oinarri juridikorik ez zegoenez, proposamena ez zen gauzatu Europar Batasuneko Tratatua arte: bertan jasotzen da europar hiritartasuna. Baina nor izan daiteke europar hiritarra? Tratatuaren 8.1. artikuluak dio: “Batasuneko hiritar izango da kide den estatu bateko nazionalitatea duen pertsona oro”. Hortik ondorioztatzen da, lehenik eta behin, kide den estatu bateko nazionala izatea ezinbestekoa dela europar hiritarra izateko. Bigarren, azpimarratzekoa da estatu bakoitzari dagokiola nazionala nor den eta nor ez den zehaztea, ahalmen hori estatu baten subiranotasuna egikaritzekoan oinarrizkoa baita. Europar Batasuneko Tratatuaren 8A, B, C eta D artikuluan eskubide sail bat ematen zaie europar hiritar direlakoei. Honako hauek dira, labur emanda:

1.- Kide diren estatuetako edozeinetan libreki zirkulatzeko eta egoitza izateko eskubidea.

2.- Boto-eskubidea. Europar hiritar orok sufragio aktibo eta pasiboko eskubidea dauka jatorrizko edo egoitzako estatuan, Europar Parlamenturako hauteskundeetan eta udal hauteskundeetan.

3.- Eskabide-eskubidea. Europar hiritar orok eskabidea zuzendu diezaioke Batasunari buruzko edozein gairen gainean Europar Parlamentuari eta orobat Europako Herriaren Defendatzaileari.

4.- Gardentasun-eskubidea. Erakundeek gardentasuna mantentzeko obligazioa daukate. Amsterdameko Tratatuak sarturiko eskubide berri honek hiritar guztiei ematen die eskubidea, Europar Parlamentuak eta Kontseiluak onarturiko xedapen batean aurreikusitako mugapenekin, erakundeetako dokumentu guztietara irismena izateko, eta baita kide diren estatuek egindako dokumentuetara, berauen baimenarekin.

6.- Babes diplomatikoa. Hirugarren estatuetan, baldintza jakin batzuetan, hiritarrak eduki dezake Batasuneko kide den estatu baten babesa, hartako hiritarra ez izan arren.

Indarrean sartu berria den Amsterdameko Tratatuan, europar hiritartasuna definitzen duten Europar Batasuna eratzeko Tratatuaren 17. eta 21. artikuluetan (lehengo 8 eta 8D), aldaketak egin dira. Lehenik, Amsterdameko Tratatuak argitu egiten du zer lotura dagoen europar hiritartasunaren eta nazioko hiritartasunaren artean. Horrela, argi uzten du “Batasuneko hiritartasuna, nazioko hiritartasunaren osagarria eta ez ordeztailea, izango dela. Gainera, Amsterdameko Tratatuak eskubide berri bat errekonozitzen die europar hiritarrei. Batasuneko hiritar orok aurrerantzean eskubidea izango du Europar Parlamentuari, Kontseiluari, Batzordeari, Justizia Auzitegiari, Kontuen Auzitegiari, Ekonomia eta Gizarte Batzordeari edo Europako Herriaren Defendatzaileari, Tratatuetako hamabi hizkuntzetako edozeinetan zuzentzeko, eta eskubidea izango du hizkuntza horretan idatzitako erantzuna jasotzeko. Azkenik, paragrafo berri bat txertatzen da Europar Batasuna Eratzeko Tratatuaren hitzaurrekoan. Xedapen horren kariaz, kide diren estatuek beren herrien hezkuntzarekiko konpromisoa hartzen dute. Kide diren estatuetako bakoitzak bere burua behartzen du ahal den jakintza mailarik altuena ematera […] hezkuntzarako irismen zabal baten bidez, eta eguneratze iraunkorraren bidez. Orain arte ikusitakotik argi ondorioztatzen da Europaren eraikuntza europarrak kontuan hartu gabe egin dela, eta hortik, jakina, europar hiritartasuna, benetako edukirik gabeko asmo bat besterik ez dela. Frantziako Iraultzaren ondotik “berezkotasunetik”, nahita eskuratutako atxikimendura igarotzen da, eta horrela sortzen da hiritartasunaren kontzeptua. Ondorioz, subiranotasuna ez dagokio jada erregeari, baizik eta “herriari”, nazioari eta hiritarrei. Lehenengo deklarazioak “gizonaren eta hiritarraren” eskubideez hitz egiten dunez, eta bakoitza atxikitzen zaion taldearen arabera eskubide desberdinak dituenez, buruhauste larriak izan zituztela iraultzaileek, zeren eta justifikazio bat bilatu behar baitzioten haitiarrek bizi zuten esklabutza egoerari. Eta historia errepikatu egiten da, zeren egungo “pariak”atzerritarrak baitira. Atzerritarra, deseroso sentiarazten gaituen pertsona hori, zeren laguna ez izanik, etsaia ere ez baita, gure lurraldean dago. Hiritarra, hiritar izateagatik, lanerako eskubidea dauka, kontsumo-gizarteko kide errespetagarria izateko eskubidea dauka, eta gainera, aparatu burokratikoaren, hots, Estatuaren, bezeroa da. Baina hiritarra ez den atzerritarra, eremu horretatik at dago. Haren lana, trukearen eta enkantearen (kupo sistemaren) gai den salgai hutsa da, eta bera ere, salgai bat besterik ez da, eta gainera, Estatuaren zerbitzuen xurgatzailea. Kontua da jakitea ea europar hiritartasunak lagunduko duen nazio bakoitzeko jatorri kultural eta etnikoa (ethnos) edukiz husten, eta eskubideen berdintasunaren alde konstituzionala (demos) indartzen. Oraingoz eman daitekeen erantzuna ez da oso baikorra. Europar hiritartasuna estatu bakoitzaren nazionalitateari lotuta dago, pertsona bat ezin baita europar hiritarra izan aldez aurretik kide den estatuetako bateko nazionala izan gabe. Horri gehitzen badiogu estatu bakoitzaren subiranotasunak duen pisua Hirugarren Zutabea delakoa bezalako gaiak erkidegora eskualdatzekoan, ezin argiago dago ez dagoela interesik Europan bizi diren guztientzako hiritartasun europar bat garatzeko unean. Hortaz, betikoan gaude: estatu bakoitzari erreferentzia egiten dion hiritartasuna, goragoko maila batera igota. Ez da harritzekoa “euroarrazakeria” terminoa entzuten hasia, hori baita atzerritarrak kanpoan uzteko ahaleginaren ondorioa. 1999ko ekainaren 9an EBko hautesleek botoa emango dute beren ordezkariak Europako Parlamentura igortzeko. Egun berean Espainiar estatuan udal hauteskundeak egingo dira, eta autonomia-erkidego batzuetan, erkidego-hauteskundeak. Gorago aipaturiko europar hiritarraren eskubideetatik, Europar Batasunaren Tratatuko 8 B artikuluan errekonozitzen da Europako Parlamenturako eta udaletarako hauteskundeetarako sufragio aktibo eta pasiboko eskubidea. EEko 94/80 direktibak, 94-12-19oak eta Europako Parlamentuko hauteskundeetarako EEko 93/109 direktibak garatzen dute Europako Parlamenturako eta udaletarako hauteskundeetarako sufragio aktibo eta pasiboko eskubidea. Espainiar Estatuari dagokionez, Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko L.O.a, Udal Hauteskundeei buruzko EEko 94 Direktibaren trasposizioa egiteko aldatzeko den 1997ko maiatzaren 30eko 1/1977 Lege Organikoa (97-05-3eko BOE, 130 Zk.), eta 1994ko martxoaren 30eko LOa, Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko LOa, Europar Parlamenturako aldatzekoa (94-03-31eko BOE, 77 Zk.). Jende atzerritarrarentzako sufragio eskubidea eskatzea, immigranteei laguntzeko hainbat erakundek aspalditik darabilten errebindikazioa da. Eskabidea zuzena da, baina horrekin batera, azpimarratu behar dira hori baino lehenago doazen beste batzuk. Zeren kontua ez da sufragio eskubide hutsa eskaintzea, baizik eta hiritartasuna zabaltzea horretara iritsi nahi duten guztiei. Jakina da orain hiritartasunera iristeko modua, nazionalitatearen bidezkoa dela, eta nazionalitatea dela eskubideak dituztenen eta parien arteko muga. Eta bereizkuntzari oraingoz eutsiko diotenez, garrantzitsua da eskatzea nazionalitaterako irismen zabala, oraingo betekizunik eta eragozpenik gabe. Hori da modu bakarra atzerritarren eta nazionalen arteko mugak suntsitzeko. Europa aldean, Alemaniako legerian izan diren azken aldaketek ez dute eredu onik ematen, oso hertsiki mugatzen baita nazionalitaterako sarbidea; Frantzian, berriz, Jospinen gobernuarekin, legea ius soli-ra itzuli da nazionalitatea ezartzeko irizpide gisa. Espainiar estatuan, bi irizpideen nahasketa bat dago, eta ez du batere errazten nazionalitatea lortzea. Oraingo Atzerritartasunaren Legearen aldaketari lotu behar zaio nazionalitatera iristeko bidearena, horrek bakarrik ekarri bailezake Atzerritartasunaren Legea desagerraraztea. Dena den, gogoeta hau abiapuntutzat har daiteke beste eztabaida baterako, zeren eta beste kolektibo batzuek planteatzen dute ez nazionalitatea eskuratzea, baizik eta, “paperak denontzat”, besterik gabe, bakoitzak jatorriko herrialdeko nazionalitatea gordeaz.

        Bizilagunak21

  Trabajadoras

Zurrumurru Ez Logotipo Fondotransparente 08 1

Valla

Fotografía Amnistía Internacional

Banner Docu Sos Eusk

Colabora

Colabora económicamente con SOS Racismo de la forma que tú prefieras:

Socios Eu

Mugak aldizkaria

01recortada

2012 Urteko Txostena

Inf An Sos12 Web