Atzerritarrentzako Internamendu-zentro deritzotenak, arrazakeria instituzionalaren agerpen argia dira. Inongo deliturik egin ez duten pertsona batzuei askatasuna kentzea, Konstituzioak defendatzen omen dituen oinarrizko askatasunen bortxaketa nabarmena da. Eta bortxaketa hain nabarmena izatea ezin da ulertu kontuan hartu gabe atzerritar batzuk bigarren mailako pertsonatzat hartzen direla. Europar Batasunaz kanpoko atzerritar pobreak, eta gehienetan ez zuriak, izanik, ez du nonbait inporta, legeen izpiritua eta letra bortxatuz, kautelazko neurri penal bat ezartzea, askatasunaz gabetzea, alegia, administrazio mailakoa den neurri bat, kanporaketa, bermatzeko, abiaturiko prozeduraren azken emaitza kanporaketa den kasuan. Argi dago Internamendu Zentro horiek izatearen helburu nagusia ez dela kanporaketak bermatzea. Izan ere, ez da argi gehiegi behar ohartzeko paperik gabe eta prekarietate larrian bizi den pertsona bat erraz atzeman lezakeela poliziak baldin eta gertatuko balitz kanporaketa dekretatu ostean, kanporatu behar zen pertsona eskuragarri ez egonik, kanporaketa berehala gauzatu ezin izatea. Internamenduaren bidez lortu nahi den benetako xedea da zigor gehitu bat jartzea, Europa aberats honetara, bertan bizimodua irabaztera, etorri nahi duen jende multzoak atzera egin dezan, beldurraren beldurrez. Gainera, egiazki gertatzen dena da, kontzientzia ona baretzeko neurria ―legezko espetxeratuak ezin direnez espetxeetan eduki―, espetxea baino gogorragoa bihurtzen dela. Izan ere, Internamendu Zentroetan sartutako atzerritarrei, benetako espetxeetan daudenei baino eskubide gutxiago errekonozitzen zaiela. Espetxe izenaz lotsatzen diren espetxeak dira. Internamendu Zentroak desagertu egin behar dira. Legeen aurreko berdintasuna, antolamendu juridikoan jasotzen diren oinarrizko garantia guztiak barne direla, denei, Espainiarrei bezala, gure herrialdera sartu nahi duten atzerritarrei, errekonozitu behar zaie.