Palacios Navarro, José Manuel. Berritzegune Nagusiaren aholkulari kolaboratzailea
XXI. mendea hasi denetik euskal gizarteak eta bere eskolak pertsona immigrante kopuru mardula jaso dute eta horrek, ezbairik gabe, lehendanik ere bazuten aniztasun kulturala areagotu egin du. Bitxia bada ere, ikastetxeak ikasle etorkinak eskolatu eta haiekin lan egin ahal izateko argibideak eskatzen hasi zireneko urte haietan, eta bide-batez gutako batzuk gai honetara hurbiltzen hasi ginenean, Irakasleek Ijitoekin kultu-aniztasunaz eginiko topaketen aktak izan ziren irakurri ahal genituen lehenengo erreferentzia teoriko-praktikoetako bakanak. Gaur egun, kulturarteko ikuspegiarekin zerikusia duten tesi, artikulu, liburu eta bestelako argitalpenen kopurua ugaria da eta ikuspegi hau ezagutzeko eta garatzeko dagoen beharra adierazten digute.
Urte hauetan eginiko ibilbideak, halaber, balio izan digu gai honetan ere bihiak eta lastoak bereizten ikasteko eta paternalismotik eta kultur erlatibismotik urrundutako gogoeta-bide bat osatzen joan ahal izateko. Gure gizartean irmoki sustraituta dauden praktikak gainditzea du helburu kulturarteko ikuspegiak. Alde batetik, norbanakoaren gehienezko askatasunaren izenean zeure nahierara, baina zeure talde, auzo edota ghettotik irten gabe, edonolako mestizaje motari muzin eginez bizitzera bultzatzen duten praktikak gainditzea. Eta, bestalde, gizarte kohesio sendoagoaren aldeko apustua eginez talde minoritarioen berezitasunak gehiengoaren edo talde menderatzailearen kulturaren menpe ipintzen dituzten beste praktika horiek gainditzea.
Kulturarteko ikuspegiaren garapena, eskolako ingurumenean, eskola sarkariaren kontzeptua onartzearekin uztartu da. Guztiena izan behar duen eskola horretan lehen eginkizunetako bat da familiek eta haien seme-alabek ikasketarako eta parte hartzeko eduki ditzaketen eragozpenak ezagutzea, eragozpen horiek gainditzeko neurri egokiak ezarri ahal izateko. Planteamendu honen barrenean bada hezkuntza berdintasunaren eta eraginkortasunaren aldeko konpromiso argi eta garbia. Bat gatoz F. Carbonell-ekin honako hau dionean: “duintasunean pertsonek duten berdintasunaren sinesmenaren sendotasuna sakontzen saiatu gabe aniztasunaren errespetuan hezten ahalegintzea, eraginkortasun eskaseko lana ez ezik aurreikusitako emaitzen kontrakoak lortzeko bidea izan daiteke. Kulturarteko edozein hiritar hezkuntza proiekturen abiapuntua izan behar du giza berdintasuna sinesmen bat dela, ezberdinak baino gehiago garela berdinak, eta hauxe da benetako hezkuntza erronka, izan ere ezberdintasuna nabarmendu egiten baita eta berdintasuna ez; berdintasuna proiektu bat, zein norabidetan joan behar dugun adieraziko digun helburu bat edukitzetik datorkigun zerbait da”.
Bigarrenik esan behar da kulturarteko ikuspegia ez dela ikasleei irakasten zaien ikasgai bat, baizik eta errealitate aldakor honetan begiratzeko, hausnartzeko eta jarduteko estilo ezberdin bat geureganatzeko era. Ikuspegi honetan denok gara eragile aktiboak eta, bide-batez, gai izan behar dugu kultura ezberdinetatik datozen ikasleak, eta batez ere egoera sozioekonomiko behartsuetan daudenak, gure artean izatearen aurrean denok ditugun aurretiko ideia eta aurreiritziak kausitzeko. Aurreiritziak, hiztegiak dioenez, gaizki edota era ez nahikoan ezagutzen dugun zerbaiti buruzko aldez aurretiko epaiak, iritziak, gehienetan arbuiozkoak, izaten dira. Eskolari dagokionez, seguruenera, behin baino gehiagotan entzungo genuen immigrazioak hezkuntza maila beheratzen duela, jende etorkinaren bataz besteko hezkuntza maila Espainiako populazioaren bataz bestekoa baino baxuagoa dela, edota etorkinek bereganatzen dituztela eskoletako baliabide guztiak. Ezjakintasunaren eta orokortze taxugabearen emaitza diren aurreiritzi hauek gainditzeko lehen urratsa da nor bere burutik aldentzea zilegitzen duen auto-ezagutza, bestearen kultur sistemara hurbiltzen ikasteko eta elkarrekin bizitzeko baldintzak sortzea zilegituko duen negoziaketaren tresnak elkarrekiko harremanean aurkitu ahal izateko. Beraz, eskolan ez da nahikoa jatorri ezberdineko ikasleak ikasgela berdinetan kokatzea; haien arteko harreman positiboak sustatu behar dira aktiboki, besteak beste.
Kulturarteko ikuspegiaren hirugarren ekarpena da eskolek ez dutela itxaron behar ikasle etorkinez beteta egon arte gogoeta-bide hau abiarazteko, egiten den guztia ikasle guztiei zuzendu behar zaielako. Ez gara ari ikasle etorkinentzat ikastetxe berezituak, ez eta talde bereziak edota ikasgela ezberdinak sortzea proposatzen. Baina esan behar da ideia honek ikasle guztiak onartzea suposatzen duela. Ikasleria etorkinaren edo etnia minoritarioetakoaren gehiegizko presentziak eragin ditzaken balizko ondorio kaltegarriak ekiditera zuzentzen diren politika batzuen eragina (birbanaketa behartuta, matrikula kontrola, aniztasunaren araberako finantzaketa) aztertu dugunean, ondorioztatu dugu ez dutela lortu ikasle guztien emaitza hobetzea eta ezta ere ez dela kohesio sozialaren hobekuntzarik erdietsi. Sordé, T. (2010)-k dioen bezala, "hezkuntza-eraginkortasun eta ekitate handiena erakutsi duten ekinbideak izan dira kalitate goreneko hezkuntzatik abiatuz testuinguru sozioekonomiko behartsuenetan aurkitzen den ikasleriaren dibertsifikazioa eta populazio etorkin edota minorietakoaren presentzia handia duena lehenetsi dutenak. Programa hauek, iman-eskolen aldeko apustu sendoa barneratzen dute, itxaropen handiak pizten eta jatorri sozioekonomiko eta etniko ezberdineko ikasleak erakartzen ahalegintzen diren eskolak. Testuinguru behartsuetan aniztasunaren presentziak gobernu politika eraginkorraren laguntasuna behar du, ikastetxeko ikasleria anitzaren presentzia sustatzeko. Alternatiba honek, bere eraginkortasuna hobetzen dutela erakutsi duten zenbait euskarri behar ditu hala nola irakasleriaren formakuntza eta irakaskuntza-esperientzia hobetzea kultura-aniztasuneko inguruneetarako, garraio publikoa finantzatzea ikastetxe horietarako, ikasleria anitza erakartzen aktiboki saiatzea, eta administrazioaren aldetik onespen handiagoa edo laguntza instituzionala agertzea haiekiko”.
Eskola lanerako ondorioetako bat da ikastetxeetan harrera plan bat edukitzeari eman behar zaion garrantzia, bertaratu berria den ikasleari eta haren familiari harrera abegikor eta gozoa eskaini ahal izateko, lehen irudipen positibo batek biderkatu egingo baitu haiek eskolarekin harremanetan jarraitzeko eta gurasoak seme-alaben hezkuntzan inplikatzeko posibilitatea, eta azken finean ikastetxeak familientzat zentzua eduki dezala.
Laugarrenik, esan genezake kulturarteko ikuspegiak ikasketa ipintzen duela hezkuntza-jardueren erdigunean. Berritzeguneetatik egiten dugun aholkularitza-lanerako, horrek esan nahi du hezkuntza eraginkortasuna eta kalitatea frogatu duten eskola-jarduera haiek ezagutu eta proposatzeko gai izan behar dugula. Ildo honetan, arestian MEC-ek argitaratu ditu Europar Batzordearen Ikerkuntzarako VI. Programa Esparruaren baitako INCLUD-ED, Strategies for inclusion and social cohesion from education proiektuaren emaitzetako batzuk. Egitasmoaren xedea zen Europako leku ezberdinetan iman-eskolak, ikasle guztiengan itxaropen handienak pizten dituztenak, identifikatu ahal izatea. Horietako batzuk ingurune sozioekonomiko behartsuetan kokatuta daude eta beren ikasleen emaitzetan oso aurrerapen estimagarriak agertzen dituzte eta ikasleria anitza erakartzen ari direla erakusten dute.
Proiektu honen aurkikuntza esanguratsuenetako batzuk honako hauek dira:
• Ikasleak, gaitasun edo emaitzen arabera hezkuntza-ibilbide edota ikastetxe ezberdinetan segregatzeko joera saihestea.
• Ikasgelaren antolamendu barneratzailearen aldeko apustua egitea. Includ-Ed proiektu horren egileen iritzian, honako hauek lirateke identifikaturiko barneratze moten ezaugarriak:
1. Talde heterogeneoak giza baliabideen berrantolaketarekin: talde heterogeneoak (ahalmen urritasunak dituzten ikasleak, etorkinak, arazo bereziak dituztenak...) edukitzean datza eredua, aniztasun honetarako laguntzak eskainiz ikasgela bakarrean, ikasgela batean pertsona heldu ezberdinek esku hartzen dutelarik. Baliabideen jomuga da ikasleen arteko elkarlana eta elkarrizketa erraztea, guztien ikasketa instrumentalera bideratuz.
2. Talde heterogeneotan zatitzea: taldeak zatitu egiten dira, irakasle bakoitzarentzat multzo txikiagoak sortzen direlarik, baina zati horietako bakoitzean aniztasuna mantenduz. Eredu honetan ere hobesten da ikasgelako aniztasuna ikasleen ikasketa prozesuan aberasgarri izan dadila.
3. Curriculum egokitzapen barneratzaileak: Irakaskuntza metodoen egokitzapen bat da, ikaslearen ikasketa errazteko haren curriculuma laburtzen aritu behar gabe. Honela, zenbait ikasle taldek (esate baterako, irakaskuntzako hizkuntza ikasi beharrean aurkitzen direnak), aurrerapen nahikoak lortzen ez dituztelako, ikasketak jarraitzeko posibilitate gutxiagorekin amaitzea ekiditen da.
4. Aukerakotasun barneratzailea: aukerakotasuna indartzen da baina horrek etorkizuneko aukeretarako eragin erabakigarria edo eragozlea ez duela izango bermatuz. Hautua ez da errendimendu edo emaitza irizpideetan oinarritzen eta ikasleen hezkuntza edo gizarte aukerak ez ditu murrizten.
5. Ikasketarako denbora luzatzea: jarduera akademiko osagarriak antolatuz, eskola ordutegia luzatuz, oporraldietan edota eskola ordutegitik kanpo hezkuntza-jarduerak eskainiz. Ikastetxean bertan edo etxean eskaini daiteke laguntza hori.
• Familiartekoen esku hartze erabakitzailea, ebaluatzailea eta hezitzailea garatzeko beharrezko baldintzak sortzea, parte hartze informatibo eta kontsultibo hutsaren gainetik.
Parte hartze erabakitzailean, hezkuntza erakunde erabakitzaileetan edota familiek erabakiak hartzeko prozesuetan parte har dezaten sortzen diren erakunde berrietan esku hartzen dute komunitateko kideek. Gune horietan, erabaki funtsezkoak hartzen dituzte familiartekoek, komunitateko kideek eta irakasleek elkarrekin. Esku hartze mota honek erraztu egiten dio eskolari bere irakaskuntza kalitatezkoa dela aldarrikatzea eta ikasle guztiekiko itxaropen handiak eskolaren betekizunaren ikur bihurtzea.
Parte hartze ebaluatzailean, familiek eskolaren eta ikasleen ebaluazio prozesuetan esku hartzen dute.
Parte hartze hezitzailean, familiek eta komunitateak hezkuntza-jardueretan bi eratan esku hartzen dute: alde batetik, umeen ikasketetan, eta bestetik, beren ikasketetan (helduen formakuntzan). Komunitateko kideek eskolan ikasleen ikas-jardueretan lagunduz esku hartzen dutenean, giza baliabideak irabazten ditu ikastetxeak umeen ikasketa-lana sendotzeko. Aldi berean, heldu horiek eredu positibo bihurtzen dira gizarte eta kultura ezberdinetako ikasleentzat. Ikasteari berari dagokionez, familiek beraiek proposaturiko formakuntza-jardueretan parte hartzen dutenean, ikasleari laguntzeko ahalmena biderkatu egiten dute.
Bosgarrenik, kulturarteko ikuspegiak curriculumaren errebisioaren aldeko apustua egiten du, ez irakasgai berriak sortzeko asmoarekin edota ikasleei kulturak ikuspegi folkloriko edo esentzialista batetik erakusteko beste ezertarako balio ez duten jarduerak proposatzeko. Gehiago litzateke geure curriculumaren edukiak zalantzazkotu eta testuinguruan kokatzen lagunduko luketen jarduerak, gizarte kontzeptuak kultur “begirada” ezberdinetatik hausnartzen eta erlatibizatzen lagunduko dutenak, indarrean dugun gogoeta-bide didaktikoari kanpoko kultur erreferentziak erantsiko dizkiotenak, eta elkarrizketa zaildu edo arazoak sortzen dituzten norberaren kulturako osagai haiek ezbaian ipiniko dituztenak gehitzeko.
Azkenik, kulturarteko apustuak edozein motatako jokabide arrazista edota xenofoboak errefusatzea barneratzen du. Orain arte ahaleginak egin dira desberdintasunean eta arraza edo etnia gain hartzaile eta mendekoen izatean oinarritzen zen arrazakeriaren bertsio modernoa gainditzeko. Gaur egun, arrazakeriaren bertsio postmodernoa (Flecha, 2001), zeinaren arabera arrazak eta etniak ez omen dira hobeagoak edo okerragoak, besterik gabe ezberdinak omen dira, gainditzeko lan egitea da erronka. Horretara, elkarrekin bizitzeko arau partekatuak adosteko arraza eta etnia ezberdinen arteko berdintasunezko elkarrizketa ezinezkoa dela azpimarratzen baita.
Hiru ildo nagusitan saia daiteke eskola: edozein kultura mestizaje ezberdinen emaitza dela eta beste gurutzatze berri batzuek gabe ezingo dela garatu, kultura ezberdinetako jendea elkarrekin bizitzeko baldintzak sortu behar direla eta bizikidetzaren hobekuntza hezkuntzaren aurrerapenarekin lotzen dela (emaitzak hobetzeko balio dezakeenak erakarriko du onura bizikidetzako girorako).
Aipaturiko bilbliografia:
Berritzegune Nagusia (2012) La participación de familiares en los centros educativos (barne lan dokumentua).
Carbonell y Paris, F. Sobre la imposibilidad de educar la confianza. Suposiciones y propuestas para una educación intercultural
Flecha, R. (2001) “Racismo moderno y postmoderno en Europa. Enfoque dialógico y pedagogías antirracistas”; REIS, 94/01, 79-103 orr.
HH.EE. (2012) Actuaciones de éxito en las escuelas europeas. MEC. Madril.
Sordé, T. (2010) Procesos de inclusión social de inmigrantes y minorías culturales: Estado de la cuestión y actuaciones de éxito (argitaratzeke).