Aurreiritziez, estereotipoez eta zurrumurruez

Mugak Port58

Unzurrunzaga, Agustin

Errepublikaren lehendakaria aukeratzeko Frantzian une honetan egiten ari den hauteskunde kanpainan, aurreiritzi, estereotipo eta zurrumurruei buruz geuk darabilgun kanpainarekin zerikusi zuzena duten hainbat gai haizatzen ari dira Marine Le Pen-en Front Nationalekoak eta UMPkoak, Sarkozy lehendakaria buru dutela.

Marine Le Penen mitinak aurreiritzi guztien bilduma dira. Baina kontuz, ez ditu nolanahi botatzen. Argudiatu egiten ditu, Bretainia Handian edo Estatu Batuetan eginiko ikerketekin lotzen ditu, edota INSEEk (Espainian INE denaren parekoak) argitaratutako inkestekin. Arazoa da distortsionatu, puztu eta desitxuratu egiten dituela.

Gaietakoren bat kontsigna bihurtzen du, zirraragarria batzuetan motelagoa besteetan, ulerterraza ia beti. Adibidez, “Frantzian etorkinak %1 gehitzeak soldatak %1 gutxitzea suposatzen du”. Iragan mendeko laurogeietako hamarkadan zerabilten kontsigna nagusietako baten eguneratzea da, hein batean; orduan zioten Frantziara zetorren atzerritar miloi bakoitzeko beste milioi bat frantses geratzen zela lan gabe.

Haizatzen ari diren gai horien bildumak osatzen digu Fronte Nazionalarentzat garrantzitsua denaren, botoak emango dizkiola deritzonaren isla. Boto asmoei buruzko inkestek diotenez %15-%17 bitartean lor dezake lehen itzulian. Gehien erabiltzen dituen gaiak honakoak dira:

- Frantziara urtero iristen den immigrante kopurua. 200.000 direla esaten du eta bost urteko epean kopurua hamar milara murriztea proposatzen du. Argigarria da nola bihurtzen duen kontsigna datorren jendearen kopuru hori. Berak azpimarratzen duena: “bost urte barru Frantzian milioi bat atzerritar gehiago izanen da”. Egia da urtero 200.000 pertsona iristen direla bisarekin, legalki. Bost urteren buruan Frantzian milioi bat atzerritar gehiago izanen dela, ordea, gezurra da. Legalki iristen den jende multzo horren zati bat itzuli egiten bere sorterrira. Milioiaren zifrak eragiten duen zirrararekin jokatzen ari da.

Immigranteak %1 gehitzeak soldatetan %1 galtzea erakartzen duela. Estatu Batuetan eginiko ikerketa batzuetatik abiatzen da, beste gaietan egiten duen bezala, haiek distortsionatu eta desitxuratuz. Horrelako ikerketak ñabarduraz beteta egon ohi dira, baina gero hemen halakoak ez dira aintzakotzat hartzen. Guztietan funtsezkoena: lan merkatu iparramerikarra eta frantsesa ez direla konparagarriak; hura oso araugabea da, frantsesa, hitzarmen kolektiboak medio, guztiz araututa dagoen bitartean. Horrelako transposizioak ezin dira egin.

- Etorkinak ugaritzeak langabezia areagotzen du. Horri erantsi ohi dio immigranteak ez direla langabeziaren sortzaileak, bai ordea faktore astungarri bat. Bretainia Handian egindako ikerlan bat erabiltzen du hori argudiatzeko. Aurreko kasuetan bezala, ñabardurak ez ditu aintzakotzat hartzen, ez eta herrialde horretan bertan egin eta bestelako ondorioetara heltzen diren ikerketak.

- Oso antzeko zerbait egiten du immigrazioa eta delinkuentziaren zifrekin.

Eta horrez gain, politika gaiak, unean unekoak barne, leudeke, eta nola erabiltzen dituen berak: tenkatuz, muturreraino eramanez, joera lakarrenei dei eginez.

Port Lavignen, Nantesetik hurbil, eginiko mitin batean, Mohamed Merah gazteak buruturiko hilketak hizpide zituela, esaten zuen bera lehendakari izatera iristen bazen obligatzen zela “Frantzian islam erradikala belaunikaraztera”; Toulousen gertatua “faxismo berdearen aurrekari bat zela, ez norbanako baten zoramena”; eta galdetzen zion bere buruari ea “zenbat Mohamed Merah iristen diren egunero, itsasontziz edo hegazkinez, Frantziara”, “Zenbat Mohamed Merah dauden asimilatu gabeko etorkinen semean artean, drogaren edota islam erradikalaren legearen pean dauden auzategietan, non hiriko politikaren diruarekin erosi baita bake soziala”. Eta hortik abiatuta, proposamenak egiten zituen: zerbitzu publikoen erabiltzaile guztiei, baita trenen kasuan ere, ikur erlijioso nabarmenak debekatzea; Frantzian bizi diren eta Afganistanera edo Pakistanera joaten diren atzerritarrak erbesteratzea eta, frantziar naziotasuna edukiz herrialde horietara joaten direnei eskumuturreko lokalizagailuak ezartzea. “Polizientzat, beren buruen defentsa ustekizuna” ere bai.

Entzuleek, 1.500 bat lagun, proposamen hauek entzun ahala, deiadar egiten zuten: “Frantzia, kristaua!”; “Sarko, collabo!”; “Heriotza zigorra!”; “Gillotina!”; “Islamo-gautxismoa eta arrazakeria antifrantsesaren aurka!”.

Fronte Nazionala 1972an sortu zen; berrogei urteko historia du jada, beraz. Alderdi konplexua da, XIX. mendearen amaieraz geroztik Frantzian presente dagoen pentsaera korronte bati, nazional populismo frantsesari atxikia. Konstituzioaren arauak errespetatzen dituen alderdi gisa gorpuztuz joan da, baina arau horiek tenkatuz. Haren kontsignak higuingarriak gertatzen bazaizkigu ere, ezin zaio aurka egin iragan mendeko hogeita hamar edo berrogeiko urteetako antifaxismoaren eskemekin. Testuinguru historiko bakoitzari nola moldatzen zaion ikusi behar da, nola itxuragabetzen dituen Errepublika, Iraultza, Erresistentzia eta Laikotasuna bezalako sinbolo handiak, nola erabiltzen dituen bere bi euskarri politiko ideologiko handiak: lehentasun nazionala eta identitatea.

Lehentasun nazionala, zoritxarrez, ezkerrak ere erabili izan du. XIX. mendearen azkenetan, ezker horren zati batek “langintza nazionala babestea” eskatzen zuen, Belgikatik, Poloniatik edota Italiatik zetorren immigrazioaren aurrean. Iragan mendeko hirurogeiko urteetan Frantziako Alderdi Komunistak langile frantsesekin eginiko produktu frantsesak aldarrikatzen zituen. Gaur egun muturreko eskuinak eskatzen du hori, baina ezkerraren zati batek lardaskatu zituen zingiretatik abiatzen da.

Identitatearen gaia alemaniar nazionalismoaren ildoetako bat da. Bigarren mundu gerraren ondoren, Alemaniako eskuin muturrak ezin zuen ariar arrazaren nagusitasuna aldarrikatu, bere ikuspegi arrazialista ozenenak bazter eman behar izan zituen, eta nazio identitatearen ideiarekin ordezkatu zuen hura. Frantziari dagokionez, 1972an ipini ziren indarrean arrazakeria zigortzen zuten legeak. Eskuin muturreko korronteek, nazionalista iraultzaileek eta Eskuin Berriko intelektualek, alemaniarren ildoari lotu zitzaizkion orduan eta nazio identitatearen inguruan gorpuztu zuten beren gogoeta-bidea, edozein etnia eta kultura mestizaje mota arbuiatuz.

Itxura guztien arabera, Fronte Nazionalak ezingo ditu 2002ko emaitzak errepikatu eta bigarren itzulian, gogo onez edo gogo txarrez, eskuineko alderdi ahaltsuenari, Sarkozyren UMPari, eman beharko dizkio bere bozak. Baina ez dezagun gutxietsi haren garrantzia. Berrogei urtez bozen %15-%20 lortzen duen alderdia, bere hautesleen %40 langileak izatea erdiesten duena, langile botorik gehien bereganatzen duena, partidu sustraitsua da, bere jarduera politikoarekin, besteak beste, immigrazio politiken zati handi bat baldintzatzea lortzen duelako.

Delinkuentzia eta immigrazioa

Laurent Mucchielli soziologo frantsesaren liburu berriaren aurkezpenaren laburpena

Delinkuentzia eta immigrazioa uztartzearen zioa da pentsatzea delitu jarduerak (batez ere gazteenak) esplika daitezkeela haien egileen atzerritar etorkiarekin zerikusia duen zerbaiten bitartez (haien ohituren, haien kulturaren, haien bizimoduaren, haien ezkontza edo familia ereduen, haien erlijioaren,... berezitasunen batengatik), edota haien arroztasun edo integrazioa ezagatik (sustrai gabeziagatik) gogoeta-bide softenek esan ohi duten eran. Horrela ote da? Erantzunak oso aldakorrak dira pertsona batengandik bestearengana eta une batetik bestera, baina beti aurkitzen da zerbait “berezia” pertsona etorkinen eta haien ondorengoen delinkuentzia ezberdintzen duena. Logika oker bat dago guzti honetan.

Lehen egiaztapena. Frantzian bizi diren pertsonen artean immigraziotik datozenen multzoa gutxiengoa da. 2010rean kalkulatzen zen 11,7 milioi zirela immigranteak eta haien ondorengoak, populazio osoaren bosten bat, beraz. Gutxiengoa izanik ere, populazioaren zati garrantzitsua osatzen dute XIX. mendeaz geroztik, immigrazio italiar, belgikar, poloniar, espainiar, portugaldar, magrebtar eta Saharaz hegoaldekoari esker.

Bigarren egiaztapena. Delinkuentzian murgiltzen den gazteen kopurua gutxiengoa da… Gazteriaren Babes Judizialarentzat, 170.000 bat gazte lirateke 2010rean. Onar dezagun multzo horren erdia, 85.000 bat pertsona, immigrazioaren oinordeko gazteak direla. Kalkulua gutxi gora beherako da; helburua da dozenaka mila batzuen eta milioika pertsonen artean dagoen aldea nabarmentzea.

Beraz, immigranteekin eta haien ondorengoekin eta populazio osoarekin erkatuta, pertsona kopuru txiki bati eta beren familiei dagokie delinkuentzia. Begi-bistakoa da nazio mailan nahiz leku bakoitzean. Frantziako edozein hiritan, delinkuentzian murgilduta dauden gazteak gutxiengoa dira. Alderantzizko ikuspegitik, immigranteen gehiengoak eta haien ondorengoek legeak errespetatu egiten dituzte. Etorkin familietatik datozen gazteen delinkuentzia, haien sorburua ez beste zio batzuengatik esplikatzen da.

Ikerketek nabarmentzen dute betidanik gazteen delinkuentziaren zergatiengatik esplikatzen dela hau ere: familien hausturagatik, eskola porrotagatik, auzoetako bandekin harremana edukitzeagatik,...

Izan ere, logika hutsean, delinkuentziak zer ikusirik balu immigrante edota haien ondorengo izate tasunarekin, populazio guztietan nabaritu beharko litzateke, hein batean edo bestean. Honelako ideiak dituztenek ez balute beldur kontrolagaitzik edota aurreiritzi ideologikorik, ulertu behar lukete ezin direla norbanako batzuen portaera bereziak esplikatu populazio batek duen ezaugarri orokorra erabiliz (edo ulertuko lukete horrela jokatzea arrazoibide arrazisten baitakoa dela).

Horregatik dira oinarritik faltsuak delinkuentzia eta immigrazioaren arteko balizko lotura funtsezko horri buruz egiten diren baieztapenak edo aipamenak. Logikaz eta arrazoiz jokatuko bagenu, arrazoibide oker eta zabarren emaitza direlako bazter emango genieke. Berez, ez dira arrazoibideak ere, helburu politikoekin manipulaturiko beldurrak eta sentipenak baizik.

        Bizilagunak21

  Trabajadoras

Zurrumurru Ez Logotipo Fondotransparente 08 1

Valla

Fotografía Amnistía Internacional

Banner Docu Sos Eusk

Colabora

Colabora económicamente con SOS Racismo de la forma que tú prefieras:

Socios Eu

Mugak aldizkaria

01recortada

2012 Urteko Txostena

Inf An Sos12 Web